Elkarrekin Podemosek neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari Urdulizko Mecaner enpresa mantentzeko

Nahia Martinez Gondra 2023ko ira. 6a, 12:54

Podemos-IUko legebiltzarkide David Soto kezkatuta dago euskal industria sektorearen egoeragatik. © ELKARREKIN PODEMOS

Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Urdulizko Mecanerren "industria eta enplegua mantentzeko" neurriak hartuko ote dituen argitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta deitoratu du tamalgarria dela ikustea nola ez den ezer egiten industria desegiten ari den bitartean. Izan ere, joan den irailaren 1ean, Mecaner autogintza-enpresako zuzendaritzak iragarri zuen enpresa itxi gura zuela eta kaleratze-prozedura abiatuko zuela.

Koalizioko legebiltzarkide David Sotok adierazi du "oso kezkatuta" dagoela "euskal industria sektorean izan diren azken albisteengatik", besteak beste, Stellantis automozio-korporazioak "Urdulizko Mecaner enpresa itxi eta 144 langile kaleratu gura izateagatik". Ohartarazi duenez, "euskal industriaren zati handi bat korporazio handien eta inbertsio-funtsen esku geratzen ari da, eta ez dago inolako errotzerik epe laburrerako irabazien bila dabiltzan lurraldean". Halaber, azpimarratu du ezin direla "begira gelditu" euren industriak nola desegiten dituzten ikusten duten bitartean.

Horregatik, Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos-IU taldeak galdera sorta bat aurkeztu du martitzen honetan, irailaren 5ean, Eusko Jaurlaritzak idatziz erantzun dezan. Bertan, taldeak eskatzen dio argitu dezala ea Stellantiseko jabe berriakaz bilduko den eta ea neurririk hartuko duen "Urduliz Mecaner enpresak ateak ixtea saihesteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun