Mecanerreko alternatiba ekosoziala eraikitzeko txostena aurkeztu diete beharginei gaur

Nahia Martinez Gondra · Aroa Sotelo Velasco 2024ko ots. 15a, 14:44

Gaur, otsailak 15, bukatu dute azken 4 hilabeteetan Mecanerren alternatiba ekosoziala eraikitzeko osatu duten plana: Martin Layanak langileei aurkeztu die egindako ikerketa lantokiaren etorkizuna ikuspegi ekologistatik irudikatzeko. Era berean, greba eguna eta manifestaldia egin dute beharginek Sopelatik Urdulizera euren egoera salatzeko xedeagaz. Borrokan jarraitzeko asmoz, iragarri dute hurrengo martxoaren 2an langile-batzordeak manifestaldia egingo duela Mecaner itxi ez dezaten aldarrikatzeko, arrastiko 17:00etan, Urdulizko udaletxetik.

Enpresako batzordeko kidea den Unai Mirasolainek adierazi bezala, kontsulta-aldian sartzear daude, zehazki martxoaren 4an hasiko da: "Stellantis multinazionalari galdetuko diogu ea gugaz batera aurrera egin nahi duen ala ez. Hala ere, badakigu erantzuna ezezkoa izango dela". Halaber, azaldu du Eusko Jaurlaritzari txostenaren zirriborro bat aurkeztu dietela, baina, nahiz eta orain arte egindako bidea "ondo ikusi", inbertsore bat behar dutela adierazi diete.

Hala, gaur, 4 hilabete hauetan osatutako txostena aurkeztu diete lantokiko beharginei Urdulizko kultur etxean, Martin Layanaren eskutik. Bestalde, Mecanerren itxierak eskualdean izango duen eragina dela eta, langileek biztanleak batu gura dituzte martxoaren 2an, zapatuan, Urdulizen antolatuko duten manifestaldi handi batean. Arrastiko 17:00etan izango da, eta bertan Mecanerren eta industriaren alde egin gura dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun