Mecaner enpresa batzordeko kidea den Unai Mirasolainek azaldu duenez, pasa den astetik atzerriko enpresa bategaz lanean dihardute Mecaner birmoldatzeko: "Txosten bat idatziko dugu Urdulizko Udalagaz batera Mecaner lantegi bideragarri bat bihurtzeko, betiere ikuspegi ekosoziala aintzat hartuz".
Halaber, deitoratu du nahiz eta aurrera eramandako mobilizazioetan "hitz politak entzun" inork ez dituela lagundu. Horregatik, erabaki dute lehenengo urratsak ematen hastea Mecanerren birmoldaketarako. "Helburua produkzio-aukerak bilatzea da, Mecanerren bideragarritasuna eta lanpostuak bermatzeko eta etorkizuneko mugikortasun-ereduaren eta beste alternatiba batzuen alde egiteko. Mecanerren, ildo horretan lan egiteko azpiegitura, kualifikazioa eta, batez ere, borondatea ditugu", azpimarratu dute.
Izan ere, azaldu dutenez "ixteko mehatxua etorkizun hobe bateko aukera" bilakatu gura dute. "Klima-aldaketaren errealitateak, egungo energia-ereduaren mugek eta ibilgailuak fabrikatzeko lehengaien gero eta urritasun handiagoak ekonomia deskarbonizatzea eta mugikortasun sozialki justuago eta iraunkorrago baterako trantsizioa egitea eskatzen dute. Beraz, sektorea eraldatu egin behar da, zalantzarik gabe. Izan ere, automobilgintzaren sektorea eraldatzen ari da, baina Stellantis bezalako multinazionalak zuzentzen ari dira, helburu bakartzat enpresa-irabaziak dituztenak, industria-sarea deslokalizatzen dutenak eta langabeziara eta prekarietatera kondenatzen gaituztenak", deitoratu dute.
Hala, Mecanerreko langileek Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei eskatu diete ez uzteko herriaren industria-subiranotasuna multinazionalen esku: "Etorkizuneko industria jasangarriaren alde egin dezatela eta kalitatezko enplegua berma dezatela, langileok hasitako prozesuan modu aktiboan lagunduz eta parte hartuz".
❗#Mecaner enpresaren itxiera-erabakiaren aurrean, plantillak iragarri du bideragarritasun-plan bat egiteko prozesua hasi duela @ELAsindikatua @LAB_eskumaldea @CCOOeuskadi @ESKsindikatua pic.twitter.com/9D6qpNZajS
— Hiruka (@HirukaEus) November 24, 2023