Mecanerreko beharginek lantokiaren etorkizuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 7a, 12:44
Martxoaren 12an hasiko da kontsulta-aldia. ©LAB

Martxoaren 4an, Mecaner enpresako zuzendaritzak behin betiko asmoaren berri eman zion enpresa-komiteari: lantokia ixtea eta 148 langileen kaleratzea gauzatzea. Hala, martxoaren 12an hasiko da kontsulta-aldia eta lantokiaren itxierarako azken prozesua. Gaur, martxoak 7, Eusko Jaurlaritzaren instalazioen aurrean elkarretaratzea egin dute Mecanerreko beharginek, erakunde guztiei zuzeneko interpelazioa egiteko eta lantokiaren itxieraren aurrean erantzukizunak beren gain har ditzaten exijitzeko.

Hala, azaldu dute irailaren 1ean Stellantisen itxiera-jakinarazpena jaso zutenetik ez direla geldirik egon: "Enpresa batzordeak bilera-maratoi bat egin du erakunde guztiekin; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Saila, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila, Ekonomiaren Garapen Iraunkortasuna eta Ingurumena, Eusko Legebiltzarreko taldeak eta, are gehiago, Espainiako Gobernuko Lan ministroarekin". Aitzitik, deitoratu dute administrazioek eta instituzio publikoek ez dituztela erantzukizunik ezta konpromisorik bere gain hartu, "enpresa eta hemengo 148 langile Stellantis multinazionalaren esku utziz".

Horregatik, langileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko Mecanerren etorkizuna bermatzeko. Halaber, "industria-politika aktiboa" eskatzen diote, etorkizuneko jasangarritasun-erronkei aurre egin ahal izateko eta euskal industriaren etorkizuna egikaritzeko. Era berean, Espainiako Gobernuari exijitu diote Stellantis multinazionalari emandako laguntzak geldiarazteko, "Mecaner ixteko asmoarekin jarraitzen duen bitartean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun