Mecanerreko langileakaz batera mobilizatu dira Bizkaiko 60 enpresa inguru industria-politikan jarrera aldaketa bat eskatzeko

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 16a, 12:47

Gaur, apirilak 16, Eusko Jaurlaritzari eta Industria Sailari beren industria-politikan jarrera aldaketa bat exijitzeko manifestazioa egin dute Bizkaiko 60 industria-enpresa inguruk Mecaner enpresako langileakaz batera, Bilbon. Adierazi dute "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko garaia dela, eta oraindino ere Mecaner lantokia salbatzeko astia dagoela. Horregatik, exijitu diote Eusko Jaurlaritzari beharginak defendatzeko eta multinazionalen eskakizunak alde batera uzteko.

Bizkaiko 60 industria-enpresa inguruk adierazi dute Mecanerren kasua ez dela egoera isolatu bat: "Gaur egun industriak erabiltzen dituen lurrak merkataritza-gune handiek edo enpresa logistiko handiek okupatzen dituzte. Bertan, langileen baldintzen ezaugarri nagusia prekarizazio maila handia da".

Gogoratu dute hurrengo urteetan, EAEko eta Bizkaiko ekonomiarentzat funtsezkoak diren automozioko eta energiako industria sektoreek trantsizioari egin beharko diotela aurre, "beren ekoizpena gaur egungo larrialdi-klimatiko egoerara egokitzeko".

Hala, nabarmendu dute ezinbestekoak direla erakunde sendoak eta industria-politika aktiboak. Eusko Jaurlaritzari exijitu diote "enpresen itxierei laguntzeari uzteko eta lanpostuen defentsan eta herrialdearen etorkizuneko industrian protagonista izaten hasteko".

Mobilizazio komitearen gehiengoa Bizkaiko ESK, LAB eta CCOOko industria delegatuakaz sortu da. Hurrengoak dira enpresak: Itp externals, Alba Macrel, Gamesa, Zf Sachs, Gecsa, Alconza, Gth, Enersys, Navacel, ZIV, Mesa, Lamincer, Unilever, Smarmec, Pine, Ingemat, Gestamp, Ecs, T.Ermua, Gol, Tva, Estamcal, Ona, Alko, Fumbarri, Rothenberger, Bruss, Oñate, Alzuaran, Nemak, Lekoizpe, Ormazabal, Sidenor, Knauff, Vicinay, CNC, ACELEC, ANTENAS GAME SERVEO, Darrait, PCB, Aqualia, Betsaide, Tenneco, Pierburg, Arcelor Mittal Etxebarri, Hitachi, Alstom, Petronor Opemasa, Tubos Reunidos, Comfica, DIGI, Suez, GES, Siemsa eta Degremont.

© LAB

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun