Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa 2016

Hamabi bertsolarik atera dute burua Uribe Kostako txapela janzteko asmoz

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 16a, 15:50
Azebarriko saioan, Imanol Uria nagusitu zen, 2014ko txapelketako irabazlea. © ALBE

Astebete lehenago Leioan, eta joan den zapatuan (martxoak 12) Algortan jokatu ziren 2016ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren kanporaketak, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta. Hala, sei bertsolari sailkatu dira, zegokien saioa irabazita: Arrate Illaro, Inazio Vidal, Aitzol de Kastro, Josu Landeta, Jone Uria eta Imanol Uria. Sei bertsolariakaz batera, jasotako puntuen arabera sailkatu dira beste sei: Peru Vidal, Beñat Vidal, Itxaso Paia, Unai Mendiburu, Peru de Pedro, Miren Loizaga eta Ekaitz Larrazabal Katxo. Hamabi bertsolari horiek jokatuko dituzte Plentziako finalaurrekoak. Saio horietako irabazleak, eta puntuazioaren arabera sailkatutako hirurak helduko dira finalera.

Zapatuan, martxoak 12, Algortan jokatu zen 2016ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa. Aurreko zapatuan Leioan egin zen moduan, hiru toki desberdinetan egin ziren kaporaketa saioak, Algortan. Lehenengoa Villamonte tabernan, 19:00etan. Hango saioan, Josu Landeta beteranoa jarri zen buru, eta ondoren Joanes Igeregi, Daniel de Miguel eta Arkaitz Gomez. Hurrengo saioa Ekin tabernan izan zen, eta Jone Uria bertsolari ezagunak menderatu zuen hango taldea; atzetik Peio Arondo, Pello Etxebarria eta Unai Larrazabal joan ziren. Eta eguneko akabuko geltokia Azebarri kultur elkartea izan zen. Azebarriko saioan, Imanol Uria nagusitu zen, Itxaso Paia, Miren Loizaga eta Ekaitz Larrazabal "Katxo" bertsolarien aurretik.

Nabarmentzekoa izan zen bertso poteo osoan zehar egon zen jende piloa eta giro paregabea. Azebarriko ekitaldia amaitu bezain laster iragarri zen datorren zapatuan, hilak 19, Plentzian jokatuko den finalaurrekorako bertsolarien zerrenda.

Sei bertsolari artez sailkatu ziren, zegokien kanporaketa saioa irabazita: hurrenez hurren, Arrate Illaro, Inazio Vidal, Aitzol de Kastro, Josu Landeta, Jone Uria eta Imanol Uria. Sei bertsolariakaz batera beste sei jasotako puntuen arabera sailkatu ziren: Peru Vidal, Beñat Vidal, Itxaso Paia, Unai Mendiburu, Peru de Pedro, Miren Loizaga eta Ekaitz Larrazabal "Katxo". Hamabi bertsolari hauek jokatuko dituzte Plentziako finalaurrekoaren hiru saioak, era honetara:

Plentziako finalaurrekoa

1. saioa: Uriola tabernan, 13:00etan.

Josu Landeta
Peru Vidal
Unai Mendiburu
Miren Loizaga

Bazkaria: Danontzat gaztetxean, Gorlizko hondartzan (bazkarian ez da saiorik egongo).

2. saioa: El puerto tabernan, 17:00etan.

Inazio Vidal
Jone Uria
Beñat Vidal
Peru de Pedro

3. saioa: Gorrondona tabernan, 18:00etan

Aitzol de Kastro
Imanol Uria
Itxaso Paia
Ekaitz Larrazabal "Katxo"

Plentziako finala

Danontzatgaztetxean, 21:30ean.
Finalaurreko hiru saioetako irabazleak, gehi puntuazioaren arabera sailkatutako hurrengo hirurak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun