Elkarrizketak

Koldo Zuazo Zelaieta: "Ia uribekostarrak konturatzen diren etxien dauken aberastasunaz"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko api. 14a, 12:00

Euskara batuaren eta euskalkien gaineko argibideak aurki ditzakegu www.euskalkiak.eus webgunean. © KOLDO ZUAZO

Koldo Zuazo Zelaietak euskalkien gaineko ataria aurkeztuko du gaur, eguena, 19:30ean, Algortako Azebarri elkartean. Hizkuntzalari eibartarraren berbetan, "euskerie bere osotasunien erakutsi eta landu nahi dogu". Une honetan euskalkiei ematen diete lehentasuna, "oso egoera txarrien ikusten ditugulako".

Zerk bultzatu zintuen www.euskalkiak.eus webgunea sortzera?

Joan dan aspaldixen, 70eko hamarkadatik hona, ahalegin haundixe egin da euskera jasue eta idatzixe lantzen. Ikeragarri aurreratu dogu sail horretan. Baine, ostera, ahozko euskerie, lagunartekue, euskalkixe... oso baztartute geratu dira. Hutsune hori betetzen lagundu nahi genduke. Egin kontu hizkuntza bat ez dala bakarrik eskolan edo liburuetan erabilteko; lagunekin, etxekuekin, herrikuekin... erabilteko be bada eta hizkuntzaren espresabide guztixek lantzie komeni da.

Euskararen egoera nahiko txarra dela diozu. "Euskalkiak galtzean euskara bera galtzen da" entzun dizugu hainbat elkarrizketatan. Zergatik?

Euskalkixek badauke indar afektibo eta emozional bat eta hiztunak hori sentitzen ez badau, hizkuntzie bertan behera itxiko dau. Euskalkixe bizirik dagoen lekuetan nahitaezkue da aintzakotzat hartzie eta babestie; bestela hiztuna deserrotu egingo da eta bardin izengo jako euskeraz edo erderaz egin. Hain zuzen, horixe gertatzen da askotan eta, jakine, euskerie ataratzen da galtzaile.

Euskara batuaren bilakaerak ez dio euskalkiari kalterik egiten?

Berez ez leukixo egin biher, baine Euskal Herrixen eta, batez be Bizkaixen, gauzak oker aurkeztu ziren: "edo batue edo euskalkixek" esaten zan 1970eko hamarkadan. Eta hori ez da ikuspegi zuzena: "bai batue eta bai euskalkixek" da guk dinogune. Batuek Euskal Herri eta mundu zabaleko hiztunekin lotzen gaitu; euskalkixek geure ingurukoekin. Batue eta euskalkixek ez dira bata bestiaren arerixo; hizkuntziaren zatixek dira. Eta hizkuntzie osasuntsu egongo bada, zati guztixek egon biher dira osasuntsu.

Zelan eman dakioke buelta euskalkiaren egoera txarrari?

Konplejo asko dagoz. Askok uste dabe euskalkixek baserriko jentiaren berbetak direla, jente zaharrarenak. Ikuspegi hori baztartzen ahalegindu biher dogu. Hori hasteko. Eta ondoren, herri euskaldunetako ahozko esparruetan leku zabalague emon biher jakue bertako berbetei.

Webgunera bueltatuz, zer aurkituko du bertan www.euskalkiak.eus atarira sartzen denak?

Ondino hasibarrixek gara eta ez dago hainbeste gauza. Dana dala, argi ikusten da gure helburue: euskerie bere osotasunien erakutsi eta landu nahi dogu. Euskera batue agertzen da, euskera batu hori leku bakotxeko euskaldunengana hurreratzeko preminie aitetzen dogu, "tokiko batuak" sortzie eta, jakine, euskalkixen gaineko argibidiek ere badagoz. Une honetan euskalkixei emon deutsegu lehentasune, oso egoera txarrien ikusten ditugulako.

Zer azpimarra dezakezu Uribe Kosta eskualdean berba egiten den euskalkiari edo dagokion euskalkiaren aldareari buruz?

Orain dala gitxi ezagutu dot eta ezusteko edarra izen da. Mendebaleko euskalkixaren barruen Uribe Kostako berbetie eta Debagoienekue (Arrasate, Oñati, Aramaixo aldekue) dira interesantienak. Zoritxarrez, Uribe Kostako herri gehixenetan txarra da euskalkixaren (eta, beraz, euskerian) egoerie, baine sikiran bada ikasteko bidie: oso hiztegi ona egin dau Iñaki Gilisastik Urdulizen eta Iñaki Gamindek be hainbat saio egin ditu. Azkenaldixen bertsolaritziek be gora egin dau eta, ziurrenera, hori lagungarri izengo da euskalkixaren eta euskeriaren onerako.

Ze ezaugarri ditu? Hori ere galtzeko bidean dago?

Uribe Kostako euskerian ezaugarririk esanguratsuena artikulua "jatie" da. Esate baterako, etxea > etze; etxeak > etzek; etxeari > etzeri; etxearen > etzen; etxearentzako > etzéntzako; etxeagaz > etzégaz.

Beste ezaugarri batzuk Mungialdean eta Txorierrin be esaten dira. Esate baterako NOR-NORI saileko aditzen hasieran d- dago: dat/dast 'zait'; datzu 'zaizu'; dako 'zaio'; daku/dasku 'zaigu'; datzue 'zaizue'; dake 'zaie'.

Jakine, bertako berba berezixek be badagoz: abrozidu 'aspertu'; ásao 'urrun' eta paraje 'hur'; hondatu 'busti, blai egin'; mamurtu 'murtxikatu'...

Mendebaleko euskerie (Bizkaixen eta Deba ibarrien egiten dana) da euskalkirik berezixena eta Uribe Kostako berbetie euskalki horren barruko berezixenetakue. Ia Uribe Kostako lagunek noz edo noz begixek zabaldu eta etxien dauken aberastasunaz konturatzen diren!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun