Kukutza eraitsi zutenean atxilotutako Uribe Kostako lagun biak absolbitu dituzte

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 20a, 11:40
Kondenatuen alde egindako kontzentrazioa, epaiketaren egunean.

Bilboko Kukutza III gaztetxea eraitsi zuten egunean atxilotu zituzten hamazortzi lagun errugabetzat jo dituzte, horien artean eskualdeko bi lagunak, eta espetxe zigorra lau hilabetera murriztu diote beste bati. Hala, iazko irailean Bilboko auzitegian egindako epaiketaren sententzia atzera bota du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Epai horrek bederatzina hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen auzipetu guztientzat, "desordena publikoak" eragitea leporatuta. Horrez gainera, 84.000 euroko kalteak ordaindu behar izatea eskatzen zuen.

Duela astebete eman zuen ebazpena Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta Kukutzarekiko Elkartasun Taldeak horren balorazioa egin zuen atzo goizean. Azaldu dutenez, manifestazio eskubidea erabiltzeagatik "soilik" atxilotu zituzten 19 lagun horiek, eta lurralde auzitegiak horixe adierazi du. Horrez gainera, aurreko kondenei eusteko froga nahikorik ez zegoela argudiatu du: "ertzainen lekukotzak ziren kondena horien oinarri bakarra".

Iazko irailean epaitu zituzten Bilboko 3. Zigor Auzitegian 2011n Kukutza gaztetxea eraitsi zuten egunean atxilotutako 19 lagunak. Horretan, epaileak erruduntzat jo zituen, desordena publikoa eragitea egotzita. Hala ere, auzipetuek helegitea jarri zioten epaiari, eta orain hura baliogabetzea erabaki du Bizkaiko auzitegiak.

Hala, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamazortzi lagun absolbitu eta beste bati espetxe zigorra lau hilabetera murriztu dio, "gehiegizko luzapenagatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun