Elkarrizketak

Chantal Reyes: "Kirol-prentsan hizkera sexista etengabe darabilte"

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 10a, 10:00
Chantal Reyes Calabia.

Chantal Reyes Calabia kazetari algortarra graduatu berri da. Gradu Amaierako Lanean, Espainiako kirol-egunkari nagusiak aztertu ditu 24 urteko gazteak, emakumeen kirola zelan lantzen duten ikertzeko. Ikerketak notarik altuena jaso du. Reyesek kirol-kazetari izan gura du eta bere ametsa Olinpiar Jokoen berri ematea da, bertatik. Getxo Saskibaloi Taldeko jokalari ohia da.

Zelan aukeratu zenuen gradu-amaierako lanean jorratu gura zenuen gaia?

Betidanik izan ditut kirolak gustuko. Txikitan saskibaloian jokatzen nuen; hamar urtez ibili nintzen jokatzen. Nahiz eta unibertsitatean hastean kirola utzi, beti jarraitu izan dut telebistan, kiroldegietara joaten eta abar. Hortaz, nire gradu-amaierako lana ere kirolaren gainean egin gura nuen; izatez, kirol-kazetaritzan jardun gura dut. Modu berean, emakumea eta kirola gaiak bateratu gura nituen. Izan ere, emakumezkoen kirolaren gainean informazioa bilatzen dudanean, telebistara jo behar izaten dut, prentsan ez dudalako ia ezer aurkitzen. Horregatik, ikertu nahi nuen zenbatetan agertzen ziren emakumeak kirol egunkari irakurrienetan.

Hortaz, azterketa egin aurretik espero zenuen emakumea ikusezin agertzea?

Bai. Adibidez, egunkariren bat hartzen dudanean, askotan zailtasun handiak izaten ditut emakumeen gaineko informazioa topatzeko. Horregatik gehiegi aurkituko ez nuelakoan nengoen, baina ez nuen uste hain gutxi izango zenik.

Zelan gauzatu duzu ikerketa?

Hasteko, paperezko egunkari irakurrienak aukeratu nituen: "Sport", "Mundo Deportivo", "Marca" eta "As". Metodologia egokiena zehaztea asko kostatu zitzaidan, baina lehenengoz sailkatu egin nituen informazio, albiste eta iritziak, kirolka. Fase horretan, ikerketa orokorra egin nuen, informazio denaren inguruan. Gero hasi nintzen ikusten zenbat informazio-unitate zeuden emakumeen gainean eta horretan zentratu nintzen. Bertatik, ondorioak ateratzen hasi nintzen.

Noiz egin zenuen lan hori?

Egunkariak hilabete batez jarraitu nituen, otsailean.

Matxalen Legarreta Iza izan duzu ikerketa-zuzendari. Zer dela-eta jo zenuen soziologo batengana?

Hainbat balizko gai zekartzan zerrenda bat eman zidaten eta nik "komunikazioa eta generoa" gaia hautatu nuen. Matxalen Legarreta zen bertako tutorea. Hortaz, ez nuen nik aukeratu, baina oso pozik nago beragaz lan egin izanaz. Beste lanen bat gehiago egin behar izango banu, eta posible balitz, Matxalen aukeratuko nuke!

Zeintzuk dira ikerketaren emaitza kuantitatiboak?

Topatu dudanagatik, emakumezkoen kirolari buruzko informazioa ez da %10era iristen, %6,6 besterik ez da. Bestalde, informazioen gehiengoa futbolaren gainekoa da, bai gizonezkoen kasuan, baita emakumezkoenean ere; baina, egia da, emakumezkoen arloan kirol gehiago jorratzen direla, agenda zabalagoa da. Futbola, saskibaloia eta tenisa izaten dira gizonezkoen kirolak; gainerako kirolak nahiko baztertuta egon ohi dira. Baina emakumezkoen kasuan apur bat heterogeneoagoa da eskaintza.

Maila kualitatiboan, berriz, zer antzeman duzu?

Emakumezkoen informazioak gehienetan albiste laburrak izaten dira. Eta batez ere, nabarmentzekoa da bertan erabiltzen den hizkuntza. Estereotipoak eta hizkera sexista etengabe erabiltzen dira. Adibidez, emakumezko baten gainean ari direnean, garrantzi handia ematen diote neska oso ederra dela esateari, edo asko aztertzen dute zein soineko daroan. Gizonen kasuan, ostera, ia ez da horrelakorik. Gehienetan informazioa kirolari buruzkoa da. Emakumezkoak direnean kirola bigarren mailan geratu ohi da.

Zein da topatu duzun lanik kaxkarrena?

Nire ustez, Alexia Putellas "Barça"-ko jokalariaren inguruko erreportaje bat. Teorian, bere kirol-ibilbidearen gaineko erreportajea izan behar zuen, baina bertan aipatzen zituzten gakoak honako hauek ziren: oso garaia dela, estilizatua, bera ikusita Maria Sharapova [tenislari errusiarra] datorkizula burura... Berba egiten zuten bakarrik Putellasen fisikoaren gainean, zelan modelo izandakoa den, eta antzeko kontuen inguruan.

Gizonezko bategaz berdin jokatuko lukete?

Ez. Agian aipa dezakete modelo izan dela kanpaina batean, baina besterik ez. Erreportaje bat irakurriz gero, demagun Leo Messiri buruzkoa [Bartzelonaren futbol-jokalaria], bertan ez dute esango oso ederra dela edo begi oso politak dituela. Berba egingo dute bere ibilbide profesionalaz, sartu dituen golez...

Kontu bera errepikatzen da Euskal Herriko egunkarietan eta kirol-prentsan?

Irakurri ditudan kasu batzuetan gehiago agertzen gara. Adibidez, eskubaloia asko agertzen da, Bera-Beraren gaineko informazioa dela-eta, eta emakumezkoen Athletic taldea ere bai. Informazio apur bat gehiago badago; demagun, "Marca"-n baino. Bai, nabaritzen da hori.

Ikerketatik kanpo, zein kasuk eman dizu arreta?

Askok! Gainera, orain dela gutxi, Olinpiar Jokoetan, horrelako ale dezente izan dira... momentu honetan badauzkat bi buruan. Lehenengo kasuan, Carolina Marínek [badminton-jokalari andaluziarra] urrezko domina irabazi zuenean, esan zuten bere entrenatzaileari esker, gizon bati esker, lortu zuela hori. Jakina, entrenatzaileak lagunduko zion, baina jokatu zuena bera izan zen. Bigarren kasuan, ostera, ikusi nuen «albiste» bat zioena Mireia Belmontek [igerilari katalana, tximeleta estiloko 200 metrokoan urrezko domina irabazi zuen] kolore arrosa gustuko zuela, baita modelo izatea ere. Baina askozaz gehiago izan dira. Maríni, adibidez, honako titularra dedikatu zioten: "Carolina Marín, Rafa Nadal miresten duen neskatoa". Ez dut uste Rafa Nadalek [Balear uharteetako tenislaria] urrezko dominaren bat irabaziz gero, ipiniko luketen Carolina Marínen jarraitzailea denik. Eta, esan bezala, horrelako hainbat adibide daude.

Ikerketaren emaitzak esperokoak zenituen, beraz.

Bai. Pentsatzen nuen emakumezkoen gaineko informazioa %10era sikiera helduko zela, baina banekien portzentaje baxua izango zela eta estereotipo handiak egongo zirela.

«Kirol-informazioa gizonek gizonentzat pentsatutakoa» dela idatzi duzu. Hor dago gakoa?

Emakumeen gaineko informazioa bilatzen baduzu, agian ez duzu ezta aurkituko ere. Gizonen kasuan, berriz, bai; ikus daiteke futbolariek partidak irabazi dituztela, eta, kronikak. Ostera, emakumezkoen kirola bilatzekotan, bakarrik topa daitezke kirolarien argazkiak, posatzen edo modeloarena egiten, eta zaila da informazio jarraitua izatea. Egunkari batean bilatuz gero, demagun emakumezkoen saskibaloi-talde batek noiz jokatuko duen, litekeena da ez agertzea. Baina gizonezko batek hartzen badu argazki bat, non Garbiñe Muguruza [euskal jatorriko tenislari venezuelarra eta Roland Garros-en irabazlea] soineko berri bategaz agertzen den, informazio hori bere gustukoa izango da; beti teoriaren arabera.

Zein helburu dauka horrek?

Nire ustez, dena dago gizonezkoengana bideratuta, egunkarian aurki dezaten gura duten guztia: emakumeak eta gizonezkoen kirolak. Izan ere, emakumea askotan ez da agertzen kirolari gisa, emakume bezala baizik. Horregatik lehenesten dute esatea ederra dela, kirolaria dela baino.

Zure ustez, emakumea izanda, gaur egun merezi du kirol-prentsa irakurtzea?

Nik irakurtzea gogoko dut, baina kirola gustuko dudalako orokorrean. Baina oso zaila da emakumeen informazioa aurkitzea; adibidez, nik zer edo zer jakiteko Twitterrera jotzen dut, ez egunkarietara.

Irakurle potentzialen erdia horrela tratatzea logikoa dela uste duzu?

Ez, baina gaur egun irakurle asko dituzte, berez. Halere, informazioa apur bat orekatuko balute irakurle gehiago izango lituzkete, emakumezkoen portzentajea igoko litzake ziurrenik. Baina oraindino sistema ondo doakienez, betikoari eusten diote. Zerbait garrantzitsua gertatuz gero, bai, ipintzen dute emakume bat; bestela, ez. Kontrako aldean, emakumezkoen kirola bai ematen da telebistan, eta saio horiek ikusten dira. Ez da emakumezkoen kirolak ez diola inori axola, garrantzirik ez zaiola ematen baizik.

Erredakzioetatik badago dinamika hori apur bat aldatzeko gogo edo egitasmorik?

Ikusten dudana da badaudela pertsonak emakumezkoen kirolarengan interesa dutenak eta informazioa zabaltzen dutenak. Batez ere, sare sozialetan eta telebistan. Baina aldaketak kazetariongandik hasi behar du. Emakume-kazetariek seguruenik interes handiagoa izango dute, haiek ere emakumeak direlako.

Klubek eta erakundeek horretan lagun dezakete?

Bai, emakumezkoen kirola gizonezkoen pare sustatuko balute, jende gehiago joango litzake ikustera. Era berean, erakundeek babesgoak bultzatu behar dituzte. Orain nesken futbol-liga Iberdrolak babestuko du, bitarteko gehiago izango dira, eta emakumezkoen futbola jende gehiagorengana helduko da horrela. Kontu bera aplikagarria da kirol denetan.

Uribe Kostako oinarri-kirola ondo ezagutzen duzu.

Azken aldian apur bat deskonektatuta egon naiz, baina lagun baten bidez jarraitu izan dut. Uste dut hemen nesken kirola gehiago bultzatzen dela eta oso gertu bizi daitekeela.

Eskualdeko klubak ondo dabiltza kirola sustatzen?

Bai; orokorrean, uste dut baietz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun