Elkarrizketak

Uribe Kostako Kitzikan: "Erregimen heterosexualak erori behar du; iraultzaz apurtu behar dugu"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko urr. 24a, 10:00
Ekaitz Herrero San Martin algortarra eta Oier Lartategi de Retana gorliztarra, Uribe Kostako Kitzikaneko kideak.

Kitzikan sexu-askapenerako mugimenduak homofobia gaur eguneko kontua dela salatu zuen martitzenean, urriak 18, Getxoko Justizia Jauregiaren aurrean. Iazko apirilaren 6an Algortan gertatutako eraso homofoboaren egileak epaitu zituzten bertan. Hala ere, "liskar bat izan balitz bezala" epaitu dutela salatu dute Ekaitz Herrero San Martin algortarrak eta Oier Lartategi de Retana gorliztarrak, Uribe Kostako Kitzikaneko kideek; horren adibide da erasotuari berari ere epaiketa egin izana.

Zein irakurketa egiten du Kitzikanek iazko eraso homofoboaren inguruko epaiketei buruz?

Ekaitz Herrero San Martin: Kasu gehienetan bezala, ezta oraingoan ere, fiskalak ez du aintzat hartu gorroto-delitua; kaleko liskar bat izan balitz bezala epaitu dute. Erasoak izan zitzakeen konnotazio politiko eta sozial guztiak alde batera utzi dituzte.

Oier Lartategi Fernandez de Retana: Lotsagarria da. LGBT erakunde klasikoek izugarrizko borroka egin dute urteetan epaiketetan ere gorrotoaren terminologia onar dezaten; argi dago sistema honek ez digula inolako bermerik eskaintzen.

Jendartean ere horrelako erasoak liskar hutsa legez hartzen direla uste duzue?

E.H.: Eraso matxistekin gertatzen den bezala, momentuan bertan erantzun irmoa ematen zaie horrelako gertaerei; baina, gero, ahaztuta geratzen dira.

O.L.: Erasotzaileak arrazoiren bat izango balu bezala gorpuzten dira askotan eraso hauenganako erreakzioak. Horren lekukoak eta inguruan dauden elementu guztiak egonda ere, ez dute aintzat hartu homofobia-kasu argia izan zela iazko apirilaren 6an Algortan gertatutakoa. Horrek adierazten du zein puntutaraino hartzen gaituzten bigarren mailako biztanletzat maritxu, bollera eta transexualak. Beste alde batetik, Ertzaintzaren jarrera nahiko penagarria eta lotsagarria izan zen; erasoa gertatu eta pare bat egunetara ikusi genituen erasotzaileekin kalean berbetan, lasai asko.

Baina, iazkoa ez da gertaera isolatu bat, ezta?

E.H.: Egon badago nolabaiteko eztabaida, handitzen ari dena da erasoen edo salaketen kopurua. Argi dago erasoak areagotzen ari direla. Badaude arazo larria daukaten gazteak, edo belaunaldi berrietakoak, ez soilik homofobiaren kasuan; baita matxismoari eta arrazakeriari ere dagozkienez. Europa osoan ikus daiteken fenomenoa da; erasotzeko grina ez da egun batetik bestera sortzen den kontu bat, jendartearen gabezia baten isla dira erasoak.

O.L.: Datuak mahai gainean jarrita, 90eko hamarkadan gaur egun baino eraso gutxiago ematen ziren Euskal Herrian. Gehienbat, Bilbon egin dira zenbaketak eta ematen zuen homofobia handiagoa zela urte horietan; baina, zenbakiek ez dute gezurrik esaten: gaur egun eraso gehiago daude. Gainera, beti izan dugu buruan erasotzaileak izan behar zuela pertsona nagusia edo kanpotarra; marokoarra edo horrelako kultura-ereduetan hezitakoa. Ez da horrela: azken aldian ikusten ari gara erasotzaileak bertokoak, mutil gazteak, zuriak eta dirudunak dira; ez dira baztertutako edo formaziorik gabeko pertsonak. Kontzienteki ez dituzte euren buruak faxistatzat hartzen; baina, modu inkontziente batean, behintzat, faxista hutsak dira.

E.H.: Queer mugimenduak zapuztu beharreko hiru erregimen daudela aipatzen du. «Nik daukat boterea, zure heriotza kontrolatzen dudalako» izango litzateke erregimen tanatopolitikoaren premisa nagusia; armaden eta Elizaren bidez bermatzen dute hori. Denok ezagutzen dugun erregimen biopolitikoak, berriz, ondokoa ematen digu ulertzera: «nik daukat boterea, zure bizitza kontrolatzen dudalako; eskolaren, familiaren, espetxeen... bitartez». Azkenik, oso berria den erregimen bat ere badago: «nik daukat boterea, zure inpultsoak, sentimenduak eta desirak kontrolatzen ditudalako», esaten digu azken horrek. Interneta zein pornografia erabiliz kontrolatu nahi gaituzte; baita terrorismo-alerta egoera gora ala behera aldatuz ere. Hirugarren horretan huts egiten ari dira belaunaldi berriak; esan ohi da, gazteek gauzak berehala gura dituztena.

Eraso fisikora heldu barik egongo dira bestelako eraso motak, ezta?

O.L.: Bizi dugun jendarte-eredu honetan, leku guztietan daude txertatuta heterosexualitatea eta erregimen horren beso guztiak. Goizetik gauera arte, gizona, heterosexuala eta zuria den pertsona-modu baterantz bideratzen gaituzte erreferentzia guztiek. Maritxuak, bollerak, lumadunak edo transak garenok ez daukagu inolako botererik; beti gaude azpitik. Esaterako, telebistan pailazoak edo txarangazaleak izango bagina bezala jartzen gaituzte beti. Horrek eragiten du sufritzen ditugun erasoek erabateko babesa bereganatzea. Umeak garenetik, kolore urdinez ala arrosaz janzten gaituzte...; hortik aldentzen garen guztiok, zuzenean ala zeharka, kolpatuak gara beti.

E.H.: Gainera, argitu beharra dago homofobiaz hitz egiten dugunean, askotan nahasten dela gayfobiarekin. Ez da gauza bera; homofobiaren barruan, gayfobia, ninfobia, lesbofobia, transfobia, interfobia eta oso gutxitan aipatzen den serofobia edo HIESa daukaten pertsonen kontrako jarrerak daude; baita sexofobia bera ere. Azken horretan, sexu-langileak kokatuko genituzke. Esaterako, Bilbon daukaten ordenantzarekin, sexu-langileak etengabe pairatzen ari dira homofobia.

Azken finean, heterosexualitatea ez da aukera bat, erregimen politiko totalitario bat baizik. Ondo baino hobeto dakigu horrelako sistemek zer eragiten duten: gizon zuria, heterosexuala eta europarra da erregimen horren eredua, eta horretatik kanpo dagoen guztia ez dute inolaz ere onartzen. Batzuetan palestinarrak gutxiesten dituzte, beste batzuetan juduak, animaliak beti, eta homosexualak zein bollerak zer esanik ez. Ez da gauza puntual bat; egunero gertatzen da, sistema guztia oinarrituta dagoelako totalitarismoan.

O.L.: Ume bat begiratzen duzunean ere pentsamolde hori daukazu buruan.
E.H.: Inork ez du erabakitzen heterosexuala izatea.

Zelan ekidin daitezke horrelako erasoak?

E.H.: Erregimena eroraraztea beharrezkoa da; hautsi, apurtu behar dugu. Iraultza da hori lortzeko bide bakarra. Hortik aurrera, denok argi eduki behar dugu matxismoa eta homofobia ezin direla erreformatu; faxismoa ezin da erreformatu.

O.L.: Ingurugiroarekin edo pobreziarekin kontzientziatuta dagoen pertsona bati galdera bera egin diezaiokezu; baina, nik behintzat ez dut uste lege berri bat atera beharko litzatekeenik gutxiago kontaminatzeko, edo txiroak direnak diru gehiago eduki dezaten. Sistema apurtu eta errealitatea beste modu batean eraikitzea beharrezkoa da.

Dagokigun gaira bueltatuz, bitarte horretan, gauzek nola joan behar duten aldatzen galdetuta, batzuk diote apurketak zuzena eta aurrez aurrekoa izan behar duela. Itxuratik hasi beharko ginateke, lumaren aldeko apustua eginez ed0 maritxua, bollera edo transak garela aldarrikatuz. Izan ere, erakundeek egiten dituzten homofobiaren kontrako kanpainak azalean gelditzen dira beti. Gainera, konturatzen has gaitezen instituzio horiek direla gure integritate fisikoa arriskuan egotearen erantzule zuzenak; ez dute inoiz ezertxo ere egin gure integritate fisikoa zaintzeko eta betidanik kolpatu izan gaituzte. Kitzikanek urteak daramatza erasoen kontrako kanpainak egin ditzaten eskatuz; azkenean nekatu egin gara. Instituzioak erantzuleak ere badira; azken finean, erregimen heterosexuala mantentzen dute.

Uribe Kostan zelakoa da egoera?

O.L.: Euskal Herri mailan herriz herri ematen diren egoerak oso berdintsuak dira. Argi dago ez dela gauza bera, adibidez, Bilbon, maritxu, bollera zein trans giroko guneetan edo La Bilbainan eroso-eroso bizitzea. Baina, azkenean, homofobia eragiten duten egoerak leku guztietan berdinak dira. Eskualdea zein puntutaraino da homofoboa? Ba, ez dakit...

E.H.: Jendartea homofoboa da beti, leku guztietan. Onartu behar dugun gauza bat da arrazista, homofoboa eta matxista den jendarte batean bizi garela. Hori horrela da: arrazista, homofoboa eta matxista da Euskal Herriko jendartea; eskualdea ez da salbuespena. Urte asko igaro dira jada Stonewalleko matxinada gertatu zenetik eta eraiki duten irudia, batez ere LGBT antolakunde erreformista horien eskutik, erakusleiho baten modukoa da: «heterosexualek bezala maitatu nahi dugu, heterosexualak bezala ezkondu nahi gara, baita eurek bezala banandu ere». Hori ez da gure estiloa; Stonewalleko matxinada gertatu aurretik eta bitartean, guk bageneukan antolatzeko eta elkarren artean harremanak izateko beste eredu bat.

O.L.: Ez dugu heterosexualitatearen kopia akasdun bat izan nahi. Ezkondu, umeak izan... eredu hori ez dugu osasuntsua ikusten; ez dugu guretzat nahi.

Zein jarduera garatzen dituzue zuen ikuspuntuak zabaltzeko jendartean?

E.H.: Urriaren hasieran Leo Silvestri (Buenos Aires, Argentina, 1976) queer pentsalari eta ekintzaile argentinarra ekarri genuen Euskal Herrira; Beatriz Preciado (Burgos, Espainia, 1970), Michel Foucault (Poitiers, Frantzia, 1926 - Paris, Frantzia, 1984) eta holakoak urrun geratzen zaizkigu. Horretaz gain, Asturiasen egon gara hango antolakundearekin, lehenengo pausoak ematen.

Zein da jendartea mugiarazteko modurik onena?

E.H.: Gure ustez, jendea mugiarazteko modurik egokiena konfrontazioa bilatzea da; borroka hori da jendartea bera, nolabait, hezten duena. Aldi berean, heziketa eta borroka ezin dira elkarrengandik banatu; borroka horrek erakusten digu zer nolako indarrak dauzkagun eta gure helburuak zeintzuk diren. Lehen esan dugun moduan, erregimen totalitario batean bizi gara. Batzuk egunero sumatzen dugu; beste batzuk, ordea, bakarrik parrandan daudenean eta guardia zibil bi agertzen direnean tabernan. Horren kontra egiteko konfrontazioa besterik ez dago; gure ustez, konfrontazio horri esker pizten dira nahiak eta indarrak. Horrek ematen du gauzak argitasunez ikusteko aukera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun