Korrika 20

Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 11a, 13:00

© AEK

AEK-k antolatuta, 2017ko martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 9an amaituko da, "Batzuk" goiburupean: hizkuntza, kultura eta mundu "batzuk" irudikatu gura dituzte. 1980an Korrika sortu zutenek jasoko dute 20. edizioaren omenaldia.

Korrikaren 20. edizioa aurkeztu zuten eguaztenean, azaroak 9, AEK eta Korrikaren arduradunek, Donostiako San Telmo museoan. Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ostean. San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak gidatu zuten ekitaldia, eta bertan zeuden AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak ere bai. Mugikak esan zuen "aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago dagoela euskal gizartean". Bere berbetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: "Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia". "Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira", adierazi zuen Mugikak.

Bat baino gehiago

"Batzuk" izango da Korrikaren goiburua, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu guran. "Bat" eta "zuk" berben arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko "hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira". Asier Amondok azaldu zuen leloa: "Hizkuntza, Kultura, Mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".

Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, "euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da", Amondoren berbetan. Korrikak batu egiten duen ekimena dela nabarmendu zuen, eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu guran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun