Elkarrizketak

Oroilore ikerketa-taldea: "Kontatu ez edo zatika kontatu zigutena ezagutzea eta erakustea da gure helburua"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko mar. 3a, 13:15
Oroilore ikerketa-taldeko kide batzuk. HODEI TORRES

Oroilore ikerketa-taldeak ekitaldia egingo du Matxitxakoko itsas batailaren 80. urtemugan. Ekimena datorren domekan izango da Armintzako portuan, 13:00etan. Horren berri eman digute taldeko hiru kidek: Alaitz Bilbao Figueroak, Esteban Serrano Gómezek eta Jose Antonio Martínez Ibáñezek. Matxitxakon jazotakoa akordura ekartzeaz gainera, memoria kolektiboa berreskuratzeko Oroilore ikerketa-taldeak egiten dituen bestelako jarduerak ere azaldu dituzte hiru plentziarrek.

Matxitxakoko itsas bataila akordura ekartzeko ekitaldia egingo duzue domekan. Zelakoa izango da?

Esteban Serrano: Hurrenez hurren, txalapartariak izango dira, Maruriko Ttakun elkartekoak; Gorlizko Aratz dantza-taldeko dantzariak; Paule Loizaga bertsolari sopeloztarra ere etorriko da; Rafael Moralesen olerki bat irakurriko dugu, udatiarra da Morales, Olerkari Antifaxisten Ligakoa; eta amaitzeko, lore-eskaintza bat eta irakurketa bat egingo ditugu.

Bataila hartan hildakoei gorazarre egingo diezue?

Jose Antonio Martínez: Hil zirenei, parte hartu zutenei, Euzkadiko Itsas Armada Laguntzaileko kide izan zirenei eta euren senideei ere bai.

Zenbat hil zituzten bertan?

E.S.: Jakin ahal izan dugunagatik 40 lagun edos, denera. Dakigunez, 29 hil ziren bou Nabarran, 5 bou Gipuzkoan, 5 Galdames merkantzia-ontzian, eta 1 Canariasen. Plentziakoak eta Gorlizkoak aipatzearren, bou Nabarran honakoak hil ziren: Remigio Atxirika zerbitzari eta CNTko kide gorliztarra; Antonio Oleaga artillero eta EAJ eta ELAko militante gorliztarra; eta Pedro López Alderdi Komunistako kide plentziarra. [Ontzi berean, Manuel Cajigas ere zendu zen makineriaburua eta ELAko sindikalista algortarra]. Bataila berean parte hartu zuten Patxo Elortegik eta Nicolas Elortegik, Antonio Sánchezek, Rafael Mentxakak eta Txomin Ibergaraik; azken hori armintzarra zen,  gainontzekoak, plentziarrak. Patxo Elortegi bou Donostiaren komandantea izan zen; bere anaia, makinariaburua; Mentxaka, bou Bizkaiaren lehen ofiziala. Historia polita da Mentxakarena: Matxitxakotik urtebetera, 1938ko martxoaren 5ean, Cabo de Paloseko (Murtzia) batailan parte hartu zuen. Baleares gurutze-ontzia hondoratu zuten, Canariasen bikia, bera Almirante Antequera destruktorearen komandanteordea zela.

Beren-beregi, zer gertatu zen Matxitxako parean?

J.A.M.: Galdames itsasontziak ekipamenduak zekartzan Frantziatik, eta Canarias guda-ontziak bere kontra egin zuen. Euzkadiko Itsas Armada Laguntzaileko lau bouak joan ziren Galdames defendatzera; hala, bataila hasi zen. Famatua da Canarias, gurutze-ontzi oso indartsua zelako. Ez zeukaten hura hondoratzeko modurik; baina, hemengo gudariek bere kontra jo zuten, Galdames eta bere karga babesteko. Bataila oso desorekatua izan zen: Canariasek kanoi indartsuak zituen, ostera, bouak ez ziren guda-itsasontziak, bakailao bila joateko arrantza-ontziak baizik. Euren armamentua metrailadore bi eta kanoi txiki bi ziren, bat brankan eta bestea popan.

E.S.: Canarias joan zenean Galdamesen bila, topo egin zuen Baltikotik zetorren beste itsasontzi bategaz: Yorkbrook. Ontzi horretan egondako pertsona baten senideak mezu bat bidali digu, domekan irakurriko duguna. Canariasek topo egin zuen itsasontzi horregaz, Errepublikari armak ekartzera zetorrela. Bou Gipuzkoak Canariasi aurre egin zion bitartean, bou Bizkaiak Yorkbrook eskoltatu zuen Bermeoko porturaino. Bou Gipuzkoan bost hildako egon ziren; ontzia sutan zela, Portugaleten gordetzea lortu zuten. Bou Nabarra eta Donostia izan ziren azken momentuan borrokatu zirenak, Matxitxako parean. Canariasen tiro batek bou Nabarraren galdaretan jo zuen, eta euskal ontzia propultsio barik geratu zen. Ezer egiterik ez zegoela ikusita, ofizial denak batu zituen Nabarraren komandanteak, eta esan zien bera batailari lotuko zitzaiola; galdetu zien ea baten bat gehiago geratuko zen... Batzuk beragaz lotu ziren, beste 20 ihes egiten ahalegindu ziren. Azken horiek harrapatu egin zituzten; besteak itsasontziagaz hondoratu ziren.

Lurreko bateriek parte hartu zuten batailan?

J.A.M.: Hasieran, bou Gipuzkoa Portugaleten sartu zenean, bai: Galeako kostaldeko defentsek Canariasen aurka tiro egin zuten, urrun zedin. Gero, ez.

Zelako tratua jaso zuten bizirik irtendakoek?

E.S.: Gipuzkoarrei heriotza-zigorra ezarri zieten; Bizkaia ez zutenez hartuta oraindino, ondorioztatu zuten bizkaitarrak borrokatzera behartuta zeudela, eta 30 urteko espetxealdira zigortu zituzten. Behin Bizkaia hartuta, konturatu ziren denak zirela boluntarioak, eta denei ezarri zieten heriotza-zigorra. Baina, Manuel Calderón Canariaseko ofizialak euskal marinelen balentria defendatu zuen; eta lortu zuen Francok indultu bat sinatzea, haien ausardia onartuta.

Zer gertatu zen Galdames ontziagaz?

E.S.: Canariasek Galdamesekoak preso hartu zituen, eta gogor zigortu zituzten; euretako batzuk fusilatu zituzten, tartean Manuel Carrasco Formiguera Kataluniako Generalitateko ordezkaria. Indultua lortu zenean, Galdamesekoei ez zieten aplikatu, ausardia borroka egin zutenena bakarrik zela adierazita.

Bizirik dago orduko protagonistaren bat?

E.S.: Ez. Matxitxakoko itsas batailan bizirik zirauen azkenengo marinela, Juan de Dios Telletxea ibarrangeluarra, 2011ko abenduan hil zen. Halere, aipatu beharra dugu Juan Azkarate bermeotarrari egin zitzaiola Gorlizen azken omenaldia, 2015ean. Azkarate Euzko Itsas Armada Laguntzaileko kidea izan zen, 14 urte zituela: bere adina faltsutu zuen gudan parte hartzeko. Zorionez, bizirik jarraitzen du; baina, berak ez zuen parte hartu Matxitxakoko batailan.

Memoria kolektiboan gorde beharrekoa da?

Alaitz Bilbao: Bai, herri honetako gertakariak direlako, protagonistak hiltzen ari direlako, eta euren oroimena ezin dugulako ahaztu. 1936ko kolpe militarrean, gerran eta diktaduran jazotakoa ahaztuta izan dugu, familien intimitatean gordeta, etxe barruan  ezkutatuta. Uste dugu oraina ulertzeko iragana ezagutzeko beharra dagoela, eta oso garrantzitsua dela horrelakorik berriz ez gertatzeko. Horregatik, gure goiburua da «sustraiak ulertuz zurtoina sendotu». Hori lortzeko eta lanari ekiteko modu asko daude; baina, guk erabaki genuen historia eta memoria erabiltzea. Kontzeptu ezberdin bi izan arren, elkarri lotuta daudenez bide biei batera ekitea erabaki genuen. Biakaz lor daiteke hemen gertatutakoak oroitaraztea.

Zelan sortu zenuten Oroilore Ikerketa Taldea?

A.B.: 2014. urteko apirilaren 14an egin genuen aurkezpena, Espainiako Errepublikaren Egunean. Berbaldi bat egin genuen eta hor aurkeztu genuen taldea. Plentzia, Barrika, Gorliz eta Lemoizeko ikerketa-talde bezala jaio ginen, gertuko historia ikertzeko. Abiapuntu legez, 1931. urtea hartu genuen, pentsatu baikenuen Errepublika, Estatu kolpea, Gerra Zibila, Francoren garaia, Trantsizioa eta abarrak elkarri lotuta zeudela. Izan ere, Errepublikaren garaia aztertzea komeni da jakiteko Estatu kolpean zer gertatu zen. Bestalde, ez dugu ipini amaiera-datarik, uste dugulako gaurko oraina geroko memoria izango dela. Hala, gure helburua da kontatu ez zigutena edo zatika kontatu zigutena ezagutzea eta erakustea.

Zein ibilbide egin duzue orain arte?

A.B.: Udaletako akten digitalizazio- eta berridazketa- lanakaz hastea erabaki genuen, 1931ko apiriletik hasita. Gero helduko diegu beste artxiboei.

Zelan doakizue horregaz?

A.B.: Udalen baimena lortu genuen, eta urte horietako aktak digitalizatuta daude. Gorliz digitalizatu genuen guk; besteak Artxibo Historikoak egin zituen.

Bestelako kontuak ere egin dituzue, ezta?

A.B.: Memoriaren gainean Plentzia Telebistak egindako ekimenean parte hartzen gabiltza, gure herrietako pertsonen testigantzak hartzen eta elkarrizketak egiten. Aurretik, 2015eko uztailean, guda-garaiko gure herrietako ume errefuxiatuak oroitzeko ekitaldi bat egin genuen, eta Martín Abrisketa idazlearen "La lengua de los secretos" eleberria aurkeztu genuen Plentzian, Guda Zibileko ume errefuxiatuen historia delako. Erakusketa bat antolatu zuten Plentziako institutuko irakasle bik, Mari Luz Arranzek eta Jorge Zamorak, Abrisketagaz eta DBHko ikasleakaz batera, eta bertan ere parte hartu genuen. Azkenik, mozio bat aurkeztu genion Plentziako Udalari, EAJren eta EH Bilduren botoakaz onartu zena. Lau puntu ziren: hiru hileko epean hiribildutik diktadura frankistan boterea izan zuten sustatzaile eta bultzatzaileei ohorezko erreferentzia egiten zien edozein ikur kentzea; Gerra Zibil eta Frankismoko udal-jarduera aztertzeko ikerketa historiko zehatza egiteko aurrekontu-partida esleitzea; Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentzia herrien artean memoria historikorako udal-gune bat bultzatzea: lau herrietako, aldi historiko ezberdinetako eta mota guztietako objektu bitxiak eta pertsonaia esanguratsuak bertan kokatzeko, euren ezaugarriengatik edo portaerengatik identifikatuz; eta Frankismo garaian errepresaliatuei ipinitako zigorrak eta egindako epaiketak baliogabetzea. Oso harrera ona izan dugu herritarren eta lau udalen aldetik: beti laguntzeko prest egon dira.

Zeintzuk izango dira zuen hurrengo ekimenak?

A.B.: Institutuko irakasleek hasitako lanari jarraitzea, eta beste institutuetara eroatea, ahal den neurrian. Institutuko umeek beren etxeetan guda-garaiko historiak galdetu eta horiekaz idazlanak egin zituzten. Martín Abrisketak ideia bat izan zuen: horiekaz artxibo historiko bat egin ahal dela, umeen ikuspegitik idatzitakoa. Ideia hartu dugu eta Euskadiko Artxibo Historikoagaz harremanetan ipini gara; oso ondo hartu dute gure asmoa. Bost urtean itzelezko artxiboa lor dezakegu. Bestalde, memoria-foro bat egin gura dugu, uztailean, gure herrietan 1937an izandako atxiloketak eta uztailaren 22ko fusilatuak oroitzeko: Gorlizko zinegotzi eta alkate ohia zen Ramón Bilbao; eta Gorlizko erietxeko atezaina, Rafael Ziluaga. Azkenik, Plentzian onartutako mozioa beste herrietara eroan gura dugu. Facebookeko gure orrian argitaratuko dugu edozein albiste. Modu berean, gugaz harremanetan ipini gura duenak hona idatz dezake: oroiloreit@gmail.com.

Domekako ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun