Herri-kontsultak Uribe Kostan

Hamahiru mila lagunek bozkatu dute gaurko herri-kontsultetan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 5a, 21:01

Botoak zenbatzen dituzten bitartean, dantzan hasi dira Algortan.

Erabakitze-eskubidearen edo euskal Estatu burujabe baten inguruan bere iritzia eman dute gaur 13.613 uribekostarrek. Gure Esku Dago herri-plataformak gaur 13 udalerritan antolatutako herri-kontsultetan batez beste herritarren %13,07k parte hartu du. Uribe Kostan, Berango soilik ibili da mediatik gora: 966 boto (%16,18). Getxon, 8.083 boto-paper (%11,86) sartu dituzte hautetsontzietan; Erandion, 2.068 (%10,02); eta, azkenik, Leioan, 2.496 (%9,44). Maiatzaren 7ko galdeketako 5.007 botoak kontuan hartuta, Uribe Kosta osoan, 18.620 herritarrek eman dute botoa. Edonola ere, euskal herritarrok "gure kabuz eta aske" erabakitzearen alde bozkatu dute berangoztarren, getxoztarren eta erandioztarren gehiengoak eta "Euskal Herri burujabe" baten alde leioaztarrek.

Emaitzak

Berango

  • Galdera: Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?
  • Errolda: 5.970.
  • Parte-hartzea: 966 (%16,18)
  • Bai: 939.
  • Ez: 18.
  • Zuriak: 7.
  • Baliogabeak: 2.

Erandio

  • Galdera: Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?
  • Errolda: 20.630.
  • Parte-hartzea: 2.068 (%10,02)
  • Bai: 2.036.
  • Ez: 22.
  • Zuriak: 8.
  • Baliogabeak: 2.

Getxo

  • Galdera: Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?
  • Errolda: 68.136.
  • Parte-hartzea: 8.083 (%11,86)
  • Bai: 7.950.
  • Ez: 88.
  • Zuriak: 39.
  • Baliogabeak: 6.

Leioa

  • Galdera: Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?
  • Errolda: 26.431.
  • Parte-hartzea: 2.496 (%9,44)
  • Bai: 2.305.
  • Ez: 154.
  • Zuriak: 26.
  • Baliogabeak: 0.

Sufragistei, omenaldia

Eskualdean, emakumeak izan dira bozkatzen aurrenak. Modu horretan omendu egin dituzte Hego Euskal Herrian boto-eskubidea estreinatu zituzten emakumeei, 1933ko azaroaren 5ean lehen aldiz bozkatu baitzuten, Espainiako II. Errepublikaren garaian. Horien ostean, hamahiru mila lagun pasatxook eman dute botoa, tartean hainbat ordezkari publikok. Besteak beste, Joseba Goikouria eta Imanol Landa Erandioko eta Getxoko alkateak hurreratu dira hautetsontzietara. Herri-kontsultan parte hartu dute ere Leioako alkate ohi batzuek, hala nola, Karmelo Sainz de la Mazak, Iñaki San Juanek eta Eneko Arruabarrenak. Algortan, Iñaki Zarraoa Erandioko alkate ohiak ere bozkatu du. Endika Montes Bizkaiko batzarkideak eta dozenaka zinegotziek ere botoa eman dute.

Politikan segituta, Koldo Mediavilla EAJren EBBko kideak parte hartu du Algortan, Laura Mintegi idazle eta lehendakarigai ohiak legez. Modu berean, Jose Elorrieta ELAko idazkari ohia, Paul Rios Lokarriko kide ohia, Jone Uria bertsolaria, Unai Elorriaga idazlea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Jone Aranguren pilotaria ere pasatu dira herri-kontsultetako haimetatik.

Gure Esku Dago: "indartsu gaude, harro gaude"

Zelai Nikolas Gure Esku Dagoren bozeramaleak azaldu duenez, "gaur hamahiru herrietan 21.027 herritarrek eman dute euren botoa". Hala, milaka eta milaka dira daborduko "Euskal Herriaren etorkizun politikoaz hitza hartu dutenak azken hiru urteotan. Baina gaurkoak ez dira izan galdeketa batzuk gehiago, gaur jauzi handi bat eman dugu eta salto horri esker gero eta gertuago gaude hiriburuetatik", gaineratu du.

Hala, Nikolasek gogorarazi du Gure Esku Dagok 180 herritan egin dituela daborduko galdeketak, 760.000 biztanle bizi diren eremuetan: "herritarrek lortu dute hori, euren kabuz, tokian toki, sinesten dutenek herritarrok ere badugula zer egina eta zer esana herri honen etorkizuna erabakitzeko. Sinesmen hori gero eta jende multzo zabalagoa ari da bereganatzen; horren isla dira udaberrian espero ditugun herri galdeketak. Honek ez baitu etenik", ziurtatu duenez.

Nikolasen ustean, "lortzen ari garena ikaragarria bada ere, lan handia dugu egiteko. Bi erronka nagusi ditugu aurrera begira; erabakitzeko eskubidea edukiz betetzea Herritarron Itunarekin eta erabakitzeko eskubidearen aldeko konplizitateak josten jarraitzea. Bata zein bestea ezinbestekoak herri honen etorkizuna erabakitzeko; eta beraz, bata zein besteari erantzungo die azaroaren 25eko Bazkideen Ezohiko Batzarrean aurkeztuko den plangintza berriak", iragarri du. Gure Esku Dagoren ordezkariak ziurtatu duenaren arabera, "helburu handiak jarriko ditugu mahai gainean, eta helburu handiek eskatzen duten mailan eta moldeetan egin beharko dugu lana guztiok, norabide berean, erabakirantz, gainditu beharko ditugun zailtasunei aurre egiteko indarrak metatuz. Gaur hamahiru herrietan ikusi dugun bezala. Indartsu gaude, harro, gaude, pozik gaude. Eta bagoaz aurrera!".

Hala, gaurko eguna "arrakastatsua" izan dela ziurtatu du Nikolasek. Eta arrakasta hori eskaini die, GEDren izenean, "Katalunian erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren alde lanean ari direnei, eta bereziki Espainiako estatuaren jazarpen zuzena eta bidegabekeria jasaten ari direnei, espetxean dauden Jordi Sanchez, Jordi Cuixart eta zortzi kontseilariei, Kataluniako erakundeei, duintasunez behin eta berriro kalera ateratzen ari diren herritarrei, eta XXI. mendeko demokrazia zer den erakusten ari den herri oso bati. Gure errespetua, babesa eta maitasuna duzue. Gu beti Kataluniarekin", amaitu du.

Parte-hartze datu ofizialak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun