Elkarrizketak

Polentzi Soldevilla Vega: "Gure bi ardatzak: lan ona eta euskaraz aritzea"

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 2a, 12:45

Jokalari gehienak Gorliz, Plentzia, Urduliz eta Sopelakoak dira, baita Lemoizekoak ere. © UK

Sopelatik Lemoizera bitarteko udalerrietan saskibaloian euskaraz aritzeko taldea da UK Saskibaloia. 2021eko hasieran gorpuztu zuten kluba, eta, diotenez, harrera oso ona izan du tarte honetan. Azaldu dutenez, daborduko sei talde osatu dituzte, eta baita zazpi urtetik beherako neska-mutilentzako saski eskola multzo bat ere.  

Euskara hutsean jarduteko saskibaloi-taldea da UK. Zer dela eta sortu zenuten?

Inguruotan dauden klubak Sopelaraino baino ez zirelako heltzen eta, ondorioz, Urduliz eta Lemoiz arteko udalerriak gabezia hau zutela ikusten baikenuen sortu genuen proiektu berri hau. Gainera, gure kirolean dagoen euskararen erabileraren gabezia ikusten genuen, eta behar hori asetzeko gogoarekin gure ardatzetako bat da euskaraz saskibaloian jardutea.

Zaila izaten da gurean kirolean euskaraz aritzea?

Guk ez dugu uste horrela denik. Gure taldeek euskaraz jarduten dabe entrenamendu zein partidetan. Gero, gure entrenatzaileek beraien erlazioak epaile eta beste taldeekin gazteleraz egin behar badute ez dago arazorik, baina gure klubaren barne lanean euskaraz jarduten da.

Taldera batu direnen jokalariek zer deritzote euskaraz entrenatzeari?

Harrera oso ona izan da, jokalari gehienak euskaraz aritzen dira denbora guztian, eta besteak denbora gehiena. Egia esan, kirol arloan, gure hizkuntzari bultzada berri bat eman ahal zaiola ikusten ari gara. Helburu hau lortzeko, lan asko egin behar da, eta normaltasuna eman behar zaio euskararen erabilerari. 

Nola hasi duzue denboraldia?

Aurreikusitako helburuak askogatik hobetu ditugu. Gure lehen urteko junior neskek (2005) Lehen Mailari eutsi diote. Mutilen kadete taldea (2006-2007) berria da, eta igoera lortu du Bizkaiko Lehen Mailara; biek bigarren fasea A-3 multzoan jokatuko dabe. Infantil mailako neska eta mutilen bi taldeak, momentuz, partida guztiak irabazi dituzte, eta lehenak doaz beraien ligaxketan. Eta saski txikiko bi taldeak oso ondo dabiltza: txikitxoek partida bakarra galdu dabe, eta miniek bi partidak irabazi dituzte. Oso harro egoteko lana gaude egiten, eta egunero-egunero ikusten dugu jokalarien konpromisoa. 

Zergatik uste duzue kirolaren mundua horren erdalduna dela?

Lehenik eta behin, entrenatzaile-kurtsoak gazteleraz egiten direlako; beste alde batetik, entrenatzaile euskaldunak oso gutxi direlako; eta hirugarrenik, klubetan garrantzia daukana normalean kirol maila delako eta ez zein hizkuntz erabiltzen dan. Aldiz, guk euskarari zein gure entrenamendu, entrenatzaile eta metodologiaren kalitateari ematen diogu garrantzia asko, klub mota desberdin bat nahi dugulako. Gure bi ardatzak dira kalitatezko lana eta euskara.

Zeintzuk arazo bizi izan dituzue talde gisa?

Arazorik handiena, momentuz, kantxen inguruan daukagu. Gorlizko kiroldegia oraindik ez dute bukatu, eta Uribe Kostako Institutuak ez digu bere kantxa uzten, gure taldean bertako ikasle asko ditugun arren. Aldiz, eskertzekoa da Plentziako eskolako Guraso Elkarteak eta zuzendaritzak eman diguten harrera, baita Plentzia, Gorliz eta Lemoizko udalei emandako laguntzagatik. Ezinbestekoa izan da proiektu hau gorpuzteko eta hazteko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun