Elkarrizketak

Carmina Serrano: "Gure semeek pornoa ikusten dutela onartu behar dugu"

Ander Zarraga 2024ko urt. 4a, 11:15
Carmina Serrano Psikologian doktorea eta psikoanalista da eta Terapia y Genero elkartean egiten du lan, besteak beste. © C.S.

Mugikorrek, pornografiak eta teknologia berriek gazteen arteko harremanetan duten eraginak arduratuta, Carmina Serrano eta Terapia y Genero elkarteko lankideek hezkuntza afektibo-sexualaren inguruko dinamikak sortu dituzte. Hala, besteak beste, joan den abenduan, Uribe Kosta BHI institutuan egon ziren ikasle, irakasle eta gurasoakaz pornoak umeengan duen eraginari buruz berba egiteko.

Psikologian doktorea eta psikoanalista da Serrano, eta berak arazoaren jatorria argi dauka: "Zure semeak pornoa ikusten du". Azaldu duenez, gaur egun, mugikorrari esker umeak oso goiz hasten dira pornografia kontsumitzen: "Frogatuta dago pornografia zortzi urteren buruan deskubritzen dutela, lehen mugikorra eskuratzen dutenean, hain zuzen; ez da bilatzen duten gauza bat delako, baizik eta toki guztietatik heltzen zaielako, batez ere, sare sozialetatik".

Gazteen % 80 inguruk pornografia kontsumitzen dutela baieztatu du Serranok eta ohartarazi du horrek eragin zuzena duela, bai beraien artean komunikatzeko eta harremanak izateko moduan, baita bereganatzen dituzten sexu-ohituretan ere: "Hor dauden edukien % 99 emakumeen indarkeriazkoak dira; izan ere, Interneten bistaratze gehien duen bideoa talde-bortxaketa batena da. Asko horregaz masturbatzen hasten direnez, indarkeria sexuagaz lotzen hasten dira". Gainera, ikusten dugu beraien arteko komunikazioa oso oldarkorra dela, eta, askotan, domeinuan oinarritutako harremanak sortzen dituztela".

"Sexualitatearen inguruko ideia oso nahasia dugu, pentsatzen dugulako senaren kontu bat dela, baina praktika sexuala erabat baldintzatuta dago testuinguru kulturalagatik, eta, oro har, biolentziaren areagotze bat bizitzen ari gara gizartearen arlo guztietan", ebatzi du Serranok.  Era berean, pornografiaren industriak duen pisua ere kontutan hartzekoa dela azpimarratu du: "Pentsa, pornografiaren industriak egunero bost milioi euro inguru mugitzen ditu, beraz, gizartearen hainbat sektoretan izugarrizko interesa sortzen du". 

Hausnarketa sakonaren beharra

Arazo larri horren aurrean, gizarteak biolentziaren erotizazioaren inguruan hausnarketa bat egin beharko lukeela dio Serranok, eta gurasoek ere begiak ireki eta ohartu beharko liratekeela beraien semeek pornoa kontsumitzen dutela. Puntu horretatik abiatuta, zeregin asko daudela dio Serranok: "Mugikorrera sarbidea zein adinetan ematen diegun birprentsatu beharko genuke, hori gurasoek planteatu beharko lukete, ez baita kanpotik etorriko. Kontziente izan behar gara mugikorrak hainbat biolentzia eta influentzia oso bortitzak eragiten dituen mundu batera sarbidea ematen diela".

Gai hori ikastetxeetan, ikasleakaz, irakasleakaz eta gurasoakaz jorratzeko, Terapia y Genero elkarteko kideak tailerrak eta saioak eskaintzen hasi ziren Emargi eta Espacio Regadera bezalako beste erakunde batzuekaz batera. Serranok ematen dituen tailerretan bere tesiko hezkuntza afektibo-sexualaren ikuspegitik jorratzen du gaia, arazoaren balorazioa egin eta horren inguruan garatu beharreko hainbat gako azalduz: emozioen kudeaketa, norbera onartzen ikastea, inor zapalduko ez duen ahalduntzea bultzatzea, indarkeriarik gabeko komunikazio-kanalak sortzea, gure buruarekiko kontzientzia kritikoa lantzea, eta, azkenik, sexualitate osasungarria zer den irakastea. "Ikusi genuen oso garrantzitsua zela gazteei hezkuntza afektibo-sexuala ematea, batez ere, sare sozialek eta pornografiak zer nolako eragina duten ikustarazteko, sexualitatea indarkeriagaz lotzen ari delako", erantsi du psikologoak.

Besteak beste, aurreko abenduan, Uribe Kosta BHI institutuan eman zituzten tailerrak, baina Serranok deitoratu du arazoa behar bezala lantzeko tailerrek ez dutela denbora nahikoa ematen, "pornografiak, sare sozialek eta teknologia berriek gure seme-alabengan duten eraginari buruz asko hausnartu beharko genukeelako, bizitzeko moduari eta hazkundeari erabat eragiten diotelako, eta, azken finean, gure seme-alabak pornografiaren bidez ari direlako hezten". 

Hori dela eta, besteak beste, berak proposatzen du ikastetxeetan gai honek presentzia handiagoa eta jarraituagoa izan beharko lukeela, eta ikasleen gurasoen elkarteak arazo horren inguruan hausnartzeko gune oso interesgarriak izan daitezkeela, "ez daitezela noizbehinkako gauza bat izan, formakuntza eta laguntza jarraiturako eremuak baizik".

Horrez gain, arazoaren inguruan gehiago jakin gura dutenei EITBk ekoiztutako Generacion Porno dokumentala ikustea ere gomendatu du Serranok, “pornografiak duen inpaktuaren inguruko ikerketa oso serioa da”. Halaber, gaia horretan sakondu eta laguntza bilatu gura dutenei Dale una vuelta izeneko webgunea bisitatzea lagungarria izan daitekeela dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun