Trafikoa mugatuta egongo da Getxon, Erandion eta Leioan, gabarraren igoera dela eta

Ander Zarraga 2024ko api. 9a, 16:43
Gabarra pasatzen ikustera joango den jendetza dela eta, Getxoko, Leioako eta Erandioko udalek trafikoa moztuko dute itsasadarraren inguruan. © LEIOAKO UDALA

Athleticen Kopako garaipena dela eta, eguena, apirilak 11, egun historikoa izango da, 40 urte beranduago talde zuri-gorriak gabarra aterako baitu berriz ere. Hori ikustera joango den jendetza pilatuko da itsasadarreko bazterretan, beraz, Getxon, Leioan eta Erandion trafikoaren mozketak iragarri dituzte, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko.

Hasteko, gabarra 16:30ean aterako da, Getxoko Abrako itsas klubetik, eta, horren eraginez, Areetako hainbat kale moztu egingo dituzte: 12:00etatik aurrera, larrialdi-zerbitzuek eta bizilagunek bakarrik zirkulatu ahalko dira Areetako Etorbidea eta Berria kaleko inguruan, Arieta, Urkixo, Mesedeetako eta Paulino Mendivil kaleak barne. Txurruka kaia osoa ere itxita egongo da, eta Eduardo Coste kaletik izan izango da itsasadarrera pasatu.

Leioan ere itsasadarrerako sarbide guztiak moztuko dituzte 12:00etatik aurrera. Autonomia hiribidean aparkatzea debekatuta egongo da egueneko 08:00etatik aurrera, eta 12:00etan trafiko guztia moztuko dute; hori dela eta, ibilgailuen zirkulazioa Gabriel Aresti eta Felipe del Rio kaleetatik egin beharko da.

Erandioren kasuan ere errepide-mozketak eta aparkatzeko mugak egongo dira itsasadarraren pareko errepidean. Batetik, egueneko 08:00etatik aurrera ezin izango da aparkatu itsasadarreko BI-711 errepidean, eta trafikoa erabat moztuta egongo da 12:00etatik aurrera. Bestetik, ibilgailuak Altzaga-Goikoa errepidetik sartu eta irten beharko dira Altzagara, eta, Astrabuduaren kasuan, BI-647 errepidea izango da irekita egongo den bide nagusi bakarra. Era berean, Asuatik ezin izango da itsasadarrerantz joan Lutxana-Asua errepidetik.

Halaber, hiru udalerrietan mugikortasun murriztua duten pertsonentzako berariaz prestatutako guneak jarriko dituztela iragarri dute: Getxon, 50 metro inguruko tartea prestatuko dute Tomas Olabarri kaian; Leioan, Felipe del Rio kalearen eta Autonomia kalearen arteko elkargunean kokatuko dute, udal-bidegorria eta itsasadarrekoa lotzeko biribilgunearen ondoan; eta Erandion, Altzagako Gasolinoaren moilan egongo da gune berezia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun