Eguenean handikiro ospatuko dute zuri-gorriek Athleticen garaipena, Getxotik gabarra aterata

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 7a, 09:58

Eguenean itsasadarra zeharkatuko duen gabarra, Bilboko Itsasmuseumean. Argazkia: cc-by Basotxerri

Atzoko egun “ahaztezinaren” ostean, duela 40 urteko irudia errepikatuko dute zuri-gorriek eguenean, hilaren 11n, gabarraren irteeragaz. Athleticek Abra itsas klubeko instalazioetatik abiatuko du zeharkaldia, 16:30ean, eta Bilboko udaletxeko zubiraino egingo du ibaian gora, 18:30-19:00 alderako hiribildura ailegatzeko.

Mallorcari Errege Kopako finala Sevillan irabazi ondoren, gabarrak Nerbioi itsasadarra zeharkatuko du eguenean, orain dela 40 urte egin legez, garaipena handikiro zaleakaz ospatzeko.

Athleticek azaldu duenez, ospakizun-ekitaldi guztiak apirilaren 11n, eguenean, pilatuko ditu; hala azaldu du ohar batean: “LaLigako azken zortzi jardunaldien faltan eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko asmoarekin, klubak egun bakarrean kontzentratu ditu ospakizunetako ekitaldi guztiak".

Gurean, Getxotik abiatuko dute gabarra ospetsuaren zeharkaldia, Abra itsas klubeko instalazioetatik. Zehazki, 16:30ean irtengo da segizio zuri-gorria, eta Bilboko udaletxearen parean amaitu, 18:30-19:00 alderako.

“Egun horretan, azkenean, 40 urte pasatu eta sei final jarraian galdu ondoren, gabarrak itsasadarra zeharkatuko du talde txapeldunarekin batera garaipena ospatzeko", azpimarratu du Athletic Clubek ohar ofizialean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun