Arrastikoa indartu eta gauean zerbitzu etengabea eskainiko du gaur Metro Bilbaok, gabarraren irteera dela-eta

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 11a, 09:19

Kopak Sevillatik Bilborako bidea egina du eta, hori horrela, gaur, eguenean, gabarran zaleei erakutsiko diete Athleticeko jokalariek. Titulua ospatzeko jaia eta horri lotutako ekitaldiak direla medio, Metro Bilbaok ohiko zerbitzua indartuko du jendearen mugikortasuna errazteko, 15:30etik aurrera. Gainera, gauez, etengabe arituko da.

Zehazki, metroak lanegun bateko ohiko zerbitzua eskainiko du 15:30ak arte. Orduan, zerbitzuaren arrastiko errefortzua hasiko da: trenak 3 minutuan behin arituko dira enbor komunean, 6 minutuan behin Ibarbengoa eta Kabiezeserantz, eta 18 minutuero Plentziarantz. Ordutegi horiek egonkor mantenduko dira, 22:30ak arte; orduan, maiztasunak 5, 10 eta 20 minutukoak izango dira, hurrenez hurren, eremu guztietan.

Ospakizunari estaldura emateko Metro Bilbaoren eskaintza egueneko gau osoan zehar etenik gabeko zerbitzu bategaz osatuko da, jai bezperetan eta aste-akabuetan eskaintzen dena baino handiagoa. Zehazki, 23:00etatik bariku goizeko 6:00etara, metroak ibiliko dira bi trenbideetatik, 10 minueturo enbor komunean, eta 20 minutuero Plentzia eta Kabiezes aldera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun