Elkarrizketak

Javier Sarobe: "Itsasoa zaindu egin behar dugu, gure bizimoduari eragiten dioten gauza asko ari direlako gertatzen"

Ander Zarraga 2024ko api. 16a, 15:04
Javier Sarobek 25 urte inguru daramatza arrantza egiten, eta Armintzan du bere itsasontzia..

Bihotz Alai itsasontziaren patroia eta Armintzako arrantzaleen kofradiako presidentea da Javier Sarobe. Azaldu duenez, artisau-arrantzaren mundua aldatzen ari da: espezieek ez dute lehen bezala jokatzen eta belaunaldien arteko erreleboa falta da, baina bera baikor agertu da eta Armintzan arrantzontziak izaten jarraituko dutela adierazi du.

Nola heldu zinen Armintzako kofradiako presidente izatera?

Armintzako arrantzaleen kofradia txikia da, eta gaur egun zazpi kofradiakide gara. Lehen zegoen presidentea jubilatu zenean, nik hartu nuen kargua, eta, momentuz, lau urtez arituko naiz patroi nagusi gisa; nahiago dut izen hori, presidente baino, konnotazio hobea du eta jatorragoa iruditzen zait.

Zein da patroi nagusi baten zeregina?

Nire lana kofradiako kontuak koordinatzea da: Eusko Jaurlaritzatik datozen komunikazioak, baimenak eta horrelakoak kudeatzen ditut; batez ere, bitartekari lanak egiten ditut erakunde publikoen eta gainontzeko kofradiakideen artean. Hala ere, nire lana ez da berezia, ni gainontzeko kideen modukoa naiz, baina norbait izan behar da arduraduna, eta niri egokitu zait. 

Zein da gaur egun Armintzako arrantzaleen egoera?

Hemen barku txikiak dira guztiak, 10-12 metro inguruko sei itsasontzi ditugu eta artisau-arrantza praktikatzen dugu. Harrapaketei dagokionez, guri gehien eragiten diguna kupoaren kontua da, itsasoan badaudelako arrainak, baina kupoaren kontuagatik barku asko behartuta egoten dira geldi egotera, espeziaren arabera, kupoa agortu egiten denean ezin dugulako gehiago harrapatu. Gainera, batzuetan, kupoa txikia bada, errendimendu baxua izan beharrean, arrantzale askok nahiago dute portuan geldituta egon. 

Artisau-arrantza praktikatzen duzuela diozu, azaldu dezakezu zertan datzan?

Anbiguo samarra dela esan daiteke, baxurako euskal arrantza-flota guztiek egiten baitute artisau-arrantza. Guri Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak ematen dizkigu arrantza-baimenak, eta printzipioz, guztiak dira artisau-arrantzak. Adibidez, Bizkaian eta Gipuzkoan inguraketa-arrantzako dago, eta hori ere artisau-arrantza bada, gero baten batek esan dezake arraste-arrantza ere badela artisau-arrantza, baina nik ez nuke halako denik esango, industrialagoa dela esango nuke.

Objektiboagoa dena bakoitzaren daukagun errolda mota da, hori bakoitzaren arrantza-baimenean baitago ezarrita: tretza, tresmailua, otarrea, inguraketa, beita bizia... Errolda-mota bakoitzak araudi bat du, eta horrek adierazten du zein arrantza mota egin dezakegun, arrantzatu nahi dugun espeziaren arabera. Adibidez, teorian, egun berean ezin ditzakegu bi teknika mota aldi berean eraman.

Zure ustez kupoa beharrezkoa da?

Bai, itsasoan dagoenarekin kontuz ibili behar garelako, ezin dugu dena arrantzatu agortu arte. Kupoaren helburua da arrantza jasangarria izatea, kupoak ezarritakotik gora arrantzatzen badugu, arrain espezieei min egingo diegulako. Europar Batasunak ezartzen du herrialde bakoitzak zenbat harrapatu dezakeen, historikoan, azterketa zientifikoetan eta beste aldagaien arabera finkatuz; adibidez, hegaluzearen kupoari dagokionez, Espainiako Estatuak 18.500 tona izan zituen iaz, eta hori da arrantzatu dezakeguna. Berdeletan ezberdin kalkulatzen da, komunitate autonomo bakoitzari kupo bat ematen zaiolako, harrapakinen historikoaren arabera.


"Sarobe Bihotz" Alai bere itsasontzian.

Hainbeste urte itsasoan eman eta gero, nola ikusten duzu arrantza-mundua gaur-gaurkoz?

Nik ikusten dut gauzak aldatzen ari direla. Ez nuke jakingo esaten zergatik zehazki, baina gauzak aldatzen daude. Berdela, adibidez, azken hiru urteetan modu ezberdinean ari da portatzen; ez dakigu zergatik, baina iraganean oso errentagarriak ziren kanpainak zailagoak ari dira izaten urteotan. Agian uraren tenperaturaren aldaketagatik izan daiteke, baina ez nuke jakingo esaten zehatz-mehatz. Horrez gain, iaz, atun gutxi harrapatu genuen kostatik hurbil, urrun joanda bai arrantzatu genuen, baina itsasontzi txikiak ditugunok ezin ditugu 40 edo 50 orduko bidaiak egin arrantza-lekuetara joateko. Gainera, gasolioaren edo izotzaren prezioaren garestitzea ere gehitu behar zaio horri, eta arrainaren prezioa ere behera badoa, guretzako ez da batere egonkorra, itsasoan ari garenok ez daukagulako nominarik: arrantza badago dirua irabazten dugu, baina portura arrain barik bueltatzen bagara ez dugu kobratzen.

Arrantzatik bizitzea posible izaten jarraituko duela uste duzu?

Nik uste dut baietz, jende asko bizi da honetatik. Baina pentsatzen dut itsasoa zaindu egin behar dugula, gure bizimoduari eragiten dioten gauza asko ari direlako gertatzen. Esan dizudan bezala, berdelaren kanpainan lehen dirua irabazten genuen guztiok, baina azken urteotako kanpainak ez dira hain errentagarriak izan. Hutsegite hori ez da gure erruagatik izaten ari, guk kuotak eta araudia eskrupuluz betetzen ditugulako, isunak oso gogorrak direlako, asko kontrolatzen delako eta badakigulako itsasoan dauden arrainen populazioa zaindu behar dugula. Horrez gain, badago kontzientzia hori eta horrek prezioetan ere eragina izan du: arrantzaleek kuotak errespetatzen dituztenetik, horrek eragina izan du prezioetan, eta berdela adibidez igo egin da. 

Orduan, Armintzan arrantza-ontziek jarraituko dute etorkizunean ere?

Bai, noski baietz. Adibidez, duela gutxi mutil gazte bat Txori Txiki itsasontziarekin sartu da kofradiara. Belaunaldien arteko erreleboa ez dago erraz, baina badaude arrantzan jarraitu gura dutenak. Ikasten ari diren gazte asko alturako arrantzara joaten dira, indiar ozeanoan edo atlantikoan aritzen diren atun-ontzietara, beraz, belaunaldien arteko erreleboa ez da hainbeste ematen. Langileei dagokienez, asko eta asko senegaldarrak edo beste herrialde batzuetakoak dira, hemengoak aurkitzea zaila delako. Lanbide gogorra da eta mundu guztia ez dago prest honetan sartzeko, batez ere, aldez aurretik ez bazara aritu; hala ere, nik etorkizuna ikusten diot hemengo arrantzari, zalantza barik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun