Elkarrizketak

UKatu: "Bollera izatea ez da emakumeekin txortan egitea, emakumetasunari disidentzia egitea baizik"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 26a, 15:19
Bollotopaketak apirilaren 26tik 28ra izango dira.

Gaur hasten dira, Leitzan (Nafarroa), Euskal Herriko Bollotopaketak: bollera subjektu politikoa erdigunean jartzea bilatzen duten jardunaldiek aste-akabu osoa iraungo dute, apirilaren 26tik 28ra. Uribe Kostako UKatu sexu-genero disidenteen asanbladatik ere deialdia egin dute 40 urte baino gehiago dituen topaketetara joateko; hala, euren hausnarketak partekatu dituzte egungo bollera subjektuaren identitateaz, baita sexu-genero identitateen beharrez ere.

Bollotopaketetako antolatzaileek nabarmendu dute jardunaldi hauek egin diren denboran “bollera subjektuaren berrikusketa” anitzak eman direla. Nola bizi izan duzue UKatutik garapen hori? Zein aldaketa eman dira iraganeko bollera subjektuko iruditegitik gaur egungora?

1983. urtean, Oreretan, lesbianen arteko lehen topaketak antolatu zirenetik gaur egun arte, asko aldatu da bollera subjektua. Terminologia bera ere aldatu egin da, orain “bollera” erabiltzen dugu eta ez “lesbiana”, ez baitugu bollerismoa desiraren orientazio hutsarekin lotzen. Bollera izatea ez da emakumeekin txortan egitea, emakumetasunari disidentzia egitea baizik. Hautu politiko bat da, munduan kokatzeko modu bat, arau patriarkalei eta heteronormatiboei aurre egiteko modua. Bollera izateak arau horiekin apurtzea esan nahi du.

UKatu, Uribe Kostako genero eta sexu disidentzia, 2019an jaio zen, eta gutako askok ez dugu subjektuaren eraldaketa lehen pertsonan bizi, baina aldaketak nabarmenak dira. Esaterako, bollerenganako indarkeria zuzena gutxitu da, nahiz eta oraindik transak egunero jipoitzen dituzten. Horrez gain, gaur egun lesbianismoaren, eta oro har, homosexualitatearen onarpen edo asimilazio garai batean bizi gara (noski, betiere, lesbianismo normatibo, femeninoa, zailtzailea, zuria…). Errealitate horren aurrena guk ez dugu onartuak izan nahi, ez gabiltza tolerantzia bila. Bollerak araua apurtzera gatoz, emakumetasunaren disidentzia izatera.

© UKATU

Zeintzuk dira bollera gisa identifikatzen diren subjektuek pairatzen dituzten jazarpenak?

Hainbat eraso jasaten ditugu egunerokoan, batzuk sotilagoak eta beste batzuk ageriagoak. Egiturazko indarkeria jasaten dugu eta modu desberdinetan islatzen da hori. Horietako adibide bat da jendeak pentsatzea gure bikotea gure laguna dela, jendeak ez du pentsatzen askotan bikote izan gaitezkeenik, gure existentzia ikusezin eginez. Beste eraso tipiko bat izaten da txikitatik erakustea gizonak desiratzea dela “normala” eta bollera izatea desberdintasun bezala ulertzea. Zergatik ez diogu heterosexual bati galdetzean ea zergatik den heterosexuala? Familietan ere oso ohikoa da bazterketa sentitzea edo ez ulertzea. Edo eskatzea esparru batzuetan horri buruz ez hitz egitea. Askotan beldurretik abiatuta gertatzen da hau, jendeak uste duelako gure bizitza zailagoa izango dela heterosexualitatetik kanpo kokatzen bagara. Eta modu batean egia da, baina aldatu behar dena gizartea da, ez gu.

Hala, nahiz eta oinarria bollerismoa izan, jardunaldiak LGBTIQA+ mugimenduko pertsonak saretzeko aitzakia ere bada. Zergatik dira beharrezkoak aliantzak?

Ez dugu geure burua LGTBIQA+ terminologiarekin identifikatzen, guk termino iraultzaileen baitan ulertzen ditugulako gure sexu eta genero identitateak. Ez gara sexu orientazio bat, ezta genero sentimendu bat ere, sistema cis eta heterosexualaren disidentzia gara. Horregatik, guk sexu-genero disidente terminoa erabiltzen dugu. Eta egunerokoa ez da espazio segurua gorputz disidenteontzat.

Sistema heteropatriarkal baten parte gara eta dena dago diseinatuta gorputz mota batzuentzat: gizon zis heterosexual zuri diruduna, besteak beste. Arautik gero eta hurbilago egon ahala, sistemak orduan eta gehiago sarituko zaitu. Horregatik guretzat oso garrantzitsua da ulertzea sexu eta genero disidente guztiok jasaten ditugun zapalkuntzen iturria bera dela. Ez dugu ahaztu behar helburu komuna dugula eta elkar babestea eta elkarri indarra ematea ezinbestekoa dela.

Zer behar dituzte identitate disidenteek?

Sistema heteropatriarkala desagertzea da behar duguna. Eta hori lortu bitartean helburu iraultzailea duen saretzea behar dugu, ez dugu gorputzak zapaltzen dituen sistema batean integratu nahi, ez dugu horren parte izan nahi. Uste dugu sistema horretan eroso dauden gorputzek ere zeregina dutela hor, pribilegioei uko eginez. Instituzioetatik gauza asko egiten dira eta ondo dago kontzientzia izatea, baina ez da nahikoa.

LGBTIQA+ mugimenduan, kolektibo guztiek dute presentzia berdina? Desorekarik identifikatzen duzue?

Bai, gizon zuri gay gihartsu dirudun gazteek ikusgarritasun handiagoa dutela esango genuke, maskulinitatearen gorputz normatiboetara gehiago hurbiltzen direlako. Pride-a izango litzateke horren eredu. Baina gu ez gara Pride horren parte. Sistema beti saiatzen da disidentziak integratzen, aske garela sentitu dezagun. Irudi desiragarria sortu du sistemak eta irudi horretatik gertuago dauden pertsonek ikusgarritasun handiagoa dute, baita pribilegio gehiago ere.

Aitzitik, pertsona transak gaur egun jasaten ari diren jazarpena azpimarratzea ezinbestekoa da. Sistemak ez ditu onartzen binarismoa kolokan jartzen duten gorputzak eta horregatik ikusezin bilakatzeko ahalegina egiten du maila guztietan (eguneroko bizitzan, instituzioen aldetik, lanean…) eta oso mingarria da hori. Oso gogorra da ikustea TERFek pertsona transen aurka hedatzen dituzten mezuak (kartelak, txioak, pegatinak..), gorroto mezuak dira eta sortu nahi dugun gizartean ez dira ongi etorriak.

Azken urteetan, gero eta pauso gehiago eman dira LGBTIQA+ pertsonen eskubideen alde. Hala ere, oraindino asko dago egiteko. Zeintzuk dira UKtutik identifikatzen dituzuen arazorik esanguratsuenak? Zeintzuk dira zuon kezkak?

Zaila egiten zaigu arazorik esanguratsuenak esatea, gauza asko baitaude hobetzeko. Kaleak ez dira disidenteontzako espazio seguruak. Gure aurkako indarkeriarekin bukatu nahi dugu, kalean, etxean, lanean, osasun-sisteman, familian… Gure gune propioak aldarrikatzen ditugu. Baina horretaz gain, erroarekin bukatu nahi dugu, norma irauli nahi dugu. Zapalkuntza erroa
heterosexualitatea da eta horrekin bukatzeko emakume eta gizon kategoriekin amaitu behar dugu, botere zapalkuntza eragiten dutelako. Gure helburua ez da bi kategoria horien arteko berdintasuna lortzea. Gure helburua cis- heteropatriarkatuarekin apurtzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun