Garazi Sanchez, Euskal Herriko Surf Zirkuituaren jabe

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 19a, 20:07
Garazi Sanchez Mundakako uretatik ateratzen. © JON ASPURU - EHSF

Garaipen bikoitza lortu zuen Garazi Sanchez Ortun surflariak pasa den zapatuan. Mundakako ezker olatuan surflaririk onena izan zen eta, hala, Euskal Herriko Surf Zirkuitua bereganatu zuen. Aurretik, Sopelako eta Getariako saioak ere irabazi zituen getxoztarrak.

Gizonezkoetan, Imanol Yeregi zumaiarrak berdindu zuen Sanchezen egitandia, berak ere irabazi baitzituen Mundakako proba eta Euskal Herriko Surf Zirkuitua. Denera 21 gizonezkok eta lau emakumezkok parte hartu zuten zirkuituaren laugarren eta azken proban. Euskal Herriko Surf Federazioak adierazi duenez, proban olatu "ikaragarriak" izan zituzten, eta surflari denek "sekulako maila" erakutsi zuten.

Emakumezkoen finalean, 3 metroko olatuetan borrokatu behar izan zuten lau finalistek. Uretaratu aurretik, zirkuituaren sailkapenean, Janire Gonzalez-Etxebarria liderraren eta Garazi Sanchez bigarrenaren arteko distantzia 25 puntukoa zen. Halere, getxoztarrak ez zuen arazorik izan probako lehen postua lortu eta 1.000 puntu ziurtatzeko. Peña Txuri taldeko Sara Urresti sopeloztarra 7. geratu da sailkapenean, Ainara Aymategaz berdinduta.

Gizonezkoen finalean, Imanol Yeregi zumaiarra indartsu heldu zen. Haregaz batera Andy Criere eta Ethan Egiguren sailkatu ziren. Hain zuzen ere, Hodeik Collazo finalaurrekoan galduta, finala lehiatzeko aukera barik geratu zen, eta ondorioz, Yeregirentzat izan zen lehen postua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun