"Txikia" hil zuen Polizia frankistak Algortan, gaur duela 44 urte

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 19a, 23:58

Dozenaka lagunek Txikia plazaren izena mantentzea aldarrikatu zuten iaz.

Euskal Memoriak gaur gogorarazi duenez, 44 urte bete dira 1973ko apirilaren 19an Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" ETAko kidea hil zuenetik Poliziak "segada batean", Algortan.

Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" ETA erakundeko kidea, poeta eta euskaltzalea 1973ko apirilaren 19an hil zuen Algortan Espainiako Poliziak. Itsasondoarrak Jose Manuel Pagoaga "Peixoto" ETAko kidea ere zenagaz zeukan hitzordua. Trenez Algortan agertu zenerako inguru guztiak zituen hartuta Poliziak eta, gainera, bere atzetik trenean ere bazetozen. Bi etakideak korrika hastean tiroka hasi ziren poliziak, dozena bat, eta Pagoaga ihes egiten lortu bazuen ere, Mendizabal larri zauritu zuten eta 20 minututan hil egin zen. Handik hona, historiaz, prentsaz eta literaturaz gain, bi eratan gorde da Mendizabalen izena. Alde batetik, Telesforo Monzonek "Txikia zuen guda izena" idatzitako kantaren bidez. Eta, beste aldetik, 1980ko maiatzaren 17an, Getxoko Udalbatzak poliziek Mendizabal hil zuten tokia "Txikia plaza" izendatzea, EAJ eta HBko botoekin eta PSEren abstentzioarekin.

Orain 41 urteko gertaerakaz segituz, "Peixoto"-k "Argia" astekariari azaldu zionez, "seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. Parean jarri naiz eta Eustakiok: 'Atzetik zetozek'". Une batzuk geroago, "Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri".

"Bat-batean", jarraitzen du "Peixoto"-k, "arnasa hartu zuen eta 'korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka" argitu zuen Pagoagak: "aurrera gindoazela korrika, 50 bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka". "Euskadi eta askatasuna" liburuan osatu zituzten Mendizabalen azken uneak: "Txikia errepidera iritsi da, Makalen Hiribidearen (Makaleta Etorbidea) pare horretara. Auto batera doa. Aurreko eskuineko eserlekuan jartzea lortu duelarik, poliziak hurbildu zaizkio eta batek tiro egin dio gertutik. Hilzorian egon arren, eskuburdinak ipini eta Basurtoko ospitalera eraman dute. Hogei minutu egin zituen bizirik".

"Txikia"-ren gaineko eztabaida

Azken boladan gertaera bik berpiztu dute Eustakio Mendizabalen inguruko eztabaida: "Txikia"-ri eskainitako plazaren izen aldaketa eta Areetan Gogora institutuak askotariko indarkeria-motak pairatu dituzten herritarren esperientziak ezagutarazteko ipinitako Memoriaren Plazan, Mendizabalen arrastorik izan ez izana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun