Zientoetxeko biribilgunea legez kanpokoa dela ebatzi du epaileak

Ander Zarraga 2021ko abu. 10a, 14:47

© AZKORRI BIZIRIK

Getxoko Udalak 2020an Azkorrin eraiki zuen biribilgunea Lurzoruaren Legearen eta Getxoko HAPOko xedapenen aurkakoa dela ebatzi du epaileak. Horrenbestez, Azkorri Bizirik plataforma ekologistari arrazoia eman dio, eta, orain, Udalak biribilgunea desegin beharko du.

Epaileak Azkorri Bizirik plataformari arrazoia eman dio, eta ebatzi du Goienetxe estrata Zientoetxe errepideen artean dagoen biribilgunea legez kanpokoa dela. Epaileak adierazi duenez, hiri-antolamenduko planean berdegunerako erabilera duen lursaila hartzen du; beraz, Getxoko Udala behartu egiten du kaltetutako lurrak jatorrizko egoerara itzultzera. Izan ere, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiko epaileak arrazoitu duenez, biribilgunea Lurzoruaren Legearen eta Getxoko HAPOko xedapenen aurkakoa da.

Joan den urteko uztailean, Getxoko Udalak biribilgune bat egiteko lanak abiatu zituenean, hainbat auzokidek eta Azkorri Bizirik plataformako kideek egitasmo horren aurka egin zuten. Bere aldetik, udal-arduradunek argudiatu zuten egitasmo horren helburua zela gune horretara joaten diren pertsonen segurtasuna ahalik eta gehien bermatzea. Era berean, arduradunen arabera, beharrok Foru Aldundiaren Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak eremu horretan Bizkaibus zerbitzuko autobusek beharrezko maniobrak errazteko egindako eskaerei erantzuten zien.

Azkorri Bizirik plataformaren iritziz, aldiz, lan horiek ez ziren beharrezkoak busaren maniobrak errazteko, eta aukera egokiagoak zeudela mahai-gaineratu zuten, "merkeagoak eta kalte ekologiko txikiagoa eragingo luketenak". Izan ere, salatu zutenez, natur-gunea hondatzen jarraitzeko beste urrats bat izan zen proiektu hori, "eta ez zion arazoari erantzuten, hots, ez zuen konpondu auto pribatuek sortutako trafiko-arazoa".

Talde ekologistatik salatu dutenez, "autoen inbasioari aurre egin beharrean, eta Azkorriko natur-gunea zaindu ordez, babestutako landa zati bat erabiltzea erabaki zuen Udalak, biribilgune bat egin eta autobusak bira egin ahal izateko. Horrek landaren zati bat hartzen zuen, hiri-antolamenduko planean bertan babestuta eta berdegunerako
bideratuta dagoena". Argudio horiekaz, salaketa jarri zuten apirilean, eta, orain, epaileak arrazoia eman die.

Mugikortasun-eredu "jasangaitza"

Bestetik, Azkorri Bizirik plataformako kideek epailearen erabakia baliatu dute Getxoko eremu horretako mugikortasun-eredua "jasangaitza" dela deitoratzeko, eta zera argudiatu dute: "Alde batetik, oztopatu egiten du bertan bizi direnen ibilera; bestetik, bertara hurbiltzen diren oinezko eta txirrindularien mugimendua zaildu egiten du, arrisku handiak sortuz; eta, azkenik, naturan eta nekazaritzan kalteak eragiten ditu, baserritarren mugimendua oztopatu eta larreak okupatzen dituzte".

Azaldu dutenez, ibilgailu pribatuek eragiten dituzten arazo horiei irtenbide bat bilatzeko hainbat proposamen egin zizkioten Udalari, "baina gure proposamenak aztertu baino biribilgunearekin aurrera egitea nahiago izan zuten, nahiz eta jakinarazi genien legez kontra ari zirela. Denborak eta epaileak arrazoia eman digu", adierazi dute.

Horregaz batera, dei egiten diote Getxoko Udalari beraien proposamenak eta iritziak serio har ditzaten, elkarregaz Azkorrik dituen trafiko-arazoak konpontzeko, eta nekazaritza-gunea eta natur-gunea babesteko. Horretarako zehaztu dituzten eskariak hauek dira:

  • Kanpotik datozen ibilgailu partikularrei muga jartzea.
  • Garraio publikoa indartzea eta egokitzea.
  • Oinezko eta txirringentzako bide seguruak izatea.
  • Azkorri-Andra Mariko natur-gunea babesteko plan berezia arautzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun