Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Azkorriko biribilgune horren helburua da Bilbo-Azkorri lineako autobusek gaur arte noranzkoa aldatzeko izan dituzten arazoakaz amaitzea: "Izan ere, gaur egun egin behar dituzten maniobrek segurtasun falta eta arrisku handia eragiten diete oinezkoei. Arazo hori konpondu ezean, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak autobus bidezko garraio publikoaren zerbitzu hori kentzeko arriskua dagoela ohartarazten du".
Oinezkoen segurtasunik handiena bermatzeko eta ingurune natural hori errespetatzeko, biribilgunea eraikitzeagaz batera honako neurri hauek hartuko direla azpimarratu du Udalak:
- Bidearen alboetako berdegunea inbadituz aparkatzea eragozten duten elementuak ezartzea; ibilgailu horiek, aldi berean, ibilgailuak nahiz oinezkoak behar bezala zirkulatzea eragozten dute.
- Inguruan hala oinezkoa nola bizikleta lehenestea.
- Bizikletak aparkatzeko toki gehiago jartzea.
- Gehienezko abiadura orduko 20 km-ra mugatzea, seinaleztapen bertikala zein horizontala indartuz.
- Guardia etzanak (edo abiadura-murriztaileak) ezartzea bihurgunearen aurretik, autobus-geltokiaren ondoan.
- Biribilgunearen ardatza lekuz aldatzea, ahalik eta berdegune gutxien okupatzeko (70 metro koadro inguru).
- Etorkizunean, bizikleten zerbitzu-kontratu berriari lotuta, Metro Bilbaoren Ibarbengoako geltokian bizikletak alokatzeko puntu bat ezartzea, geltoki horretatik Azkorrira errazago iristeko.
Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) adierazi du bere konpromisoa dela goian adierazitako neurriak lantzea eta inguruko gizarte-taldeakaz lanean jarraitzea, segurtasun-helburuak lortzeko eta, Azkorriko ingurune naturalari dagokionez, baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesuan ere. Horren harira, Azkorri Bizirik plataformako kideek uste dute proiektu hori legez kanpokoa dela: "Biribilgunea ukitu ezin den eremua hartzen duela dirudi". Horrez gainera, zalantzan jarri dituzte Udalaren asmoak: "Ezkutuan ari direla uste dugu; izan ere, biribilguneak HAPOn proiektatutako errepidearekin bat egiten duela dirudi. Autobusen maniobraren ziurtasunaren aitzakiarekin HAPO suntsitzailea garatzen jarraitzeko maniobra egin duzuela pentsa daiteke".