Areetako Xake plazari izena ematen dion murala mantentzeko kanpaina abiatu dute

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 20a, 11:15

Gaur egun Areetako metroko geltokiaren ondoko plazari izena ematen dion murala ordezkatzeko prozesua abiatu du Getxoko Udalak. Horren aurrean, Xake izena duen obra mantendu eta eraberritzeko kanpaina abiatu du haren sortzailearen alaba de Jone Ibarretxek, Change.org plataformaren bitartez. Gainera, horrek gogoratu duenez, plaza bera berritzeko parte-hartze prozesuaren inkestan, proposamenen % 20 ideia horren alde agertu ziren.

Muralaren aldeko kanpaina abiatu duen Jone Ibarretxek gogoratu duenez, Udalak abiatutako lehiaketaren oinarrietan ez da aurreikusi horma-irudi horren ibilbidea aitortzea, gaiari eutsiz keinu bat egitea ezta urteotan guztietan tokiko paisaiaren parte izan den mihise horren egilea nolabait omentzea ere. "Udalak saihestu egin du jatorrizko artista aipatzea prentsa-oharretan eta lehiaketaren oinarrietan", deitoratu du.

Gaur egun plazaren zelataria den murala Jose Miguel Ibarretxek margotu zuen, 1983ko udan, bere anai eta lagunakaz batera. Dohaintzan egindako lan horrek 40 urte beteko ditu aurten, eta lau hamarkada horietan zehar, aurrez aurre duen plazari horma-irudiaren izena jarri diote askok: Xake plaza.

Change.org plataforman egindako sinadura-bilketagaz batera, Jonek La Muraleja izeneko film labur bat zuzendu eta argitaratu du. Bertan, pinturaren historia jorratzen du, eta, era berean, bere aitaren omenez, Nerea Falaganegaz batera, haren eta bere anaien historia berreraikitzen duen Esto no es Hollywood dokumentala filmatzen ari da.

Artistaren alabak gogoan duenez, Jose Miguel Ibarretxe (1957-2018) artista polifazetikoa izan zen, pinturan, idazketan eta telebistan ibilitakoa. Azken horretan, gidoilari gisa. Azken horri dagokionez, bere anaiakaz batera, hainbat telesail eta film luzeren gidoiez arduratu zen, hala nola Solo se muere dos veces, Sabotaje!! eta Un mundo casi perfecto lanen gidoiaz arduratu zen. ETBko Vaya Semanita umorezko saioaren lehen etapako gidoilari izan zen eta,  2012an, Ibarretxe anaiek Aixe Getxo saria jaso zuten, ikus-entzunezkoen munduan egindako ibilbideagatik.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun