Getxoko Kultur Etxeak, oraindino zehaztu barik dagoen datan, deialdia egingo du muralismo-lehiaketa baterako, hautatzeko gaur egun “Xakea” izeneko murala hartzen duen fatxadan esku-hartze artistikorako proposamena. Murala egiteko gaia librea izango da, baina modu positiboan baloratuko da lan osoaren erlazioa, eta, bereziki, udalerriaren ingurunera eta errealitatera egokitzea: murala, erregistro grafikoa eta bitartekaritza-proposamena. Exekuzioaren zenbatekoa guztira ezin izango da 43.000 eurotik gorakoa izan, BEZ barne.
Jabeen komunitatearen ordezkaritza barne duen epaimahai espezializatu batek hurrengo hauek baloratuko ditu: muralaren proposamen kontzeptuala, proiektuaren garrantzi artistikoa, artistaren ibilbide artistikoa, ekimenak genero-ikuspegia txertatzea, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, proposamenaren berrikuntza, argitasuna eta zehaztasuna, eta proiektuak inguruneagaz hitz egiteko eta harremanak izateko duen modua. Ondoen baloratutako bost proposamenak sarituko dira.
Etorkizuneko murala egin aurretik, Udalak adierazi du gaur egun dagoen estaldura eskasa konpondu eta berrituko duela, azken pintura-geruzaren euskarri izango dena, hain zuzen. Horretarako, ingurumena errespetatzen duten material jasangarriak erabiliko dituela azaldu du, aire zabalean oso erresistenteak direnak eta zikintzeko joera txikia dutenak.
"Xakea" muralaren mantentzea
Ordea, Areetako bizilagun askoren desioa ez dator bat Udalak proposatutako muralismo-lehiaketagaz. Izan ere, "Xakea" horma-irudiak izena eman dio gaur egungo Xake plazari, eta auzokide askorentzako euren udalerriko ezaugarri bereizgarri bat da. Halaber, plaza bera birmoldatzeko herri-bozketa fasean, partaideen % 19,95ek xakearen murala mantentzearen alde bozkatu zuen. Horma-irudia 1983an sortu zuen Jose Miguel Ibarretxe artistak, bere ekimenez Udalari egitasmoa proposatu zionean. Trukean, Udalak pintura eta aldamio batzuk utzi zizkion.