Badira gure herrian kontatu gabeko istorio ugari. Ospe eta fokuetatik kanpo inurri-lanetan euren ibilbidea egin dutenak, euren sena eta ametsak jarraituz, bestelako asmo edo anbiziorik gabe. Istorio horietako bat aukeratu du Jone Ibarretxe artista erromotarrak bere lehenengo dokumentala zuzentzeko. Eta ez da edozein istorio: Ibarretxe anaiena kontatuko du, bere aita Josemi eta Javi eta Esteban osaben bizitza, hain zuzen ere.
Zinemagaz lotutako ibilbidea egin zuten Ibarretxe anaiek 80ko hamarkadatik 2014ra arte. Jonek nabarmentzen duen bezala, aitzindariak izan ziren Euskal Herrian: "Oso zine berezia egin zuten, umore oso ezberdinarekin. Ez zituzten kanonak jarraitzen, eta agian horregatik ez zuten oihartzun handirik izan". Nerea Falagan sopeloztarragaz batera sortuko du ikus-entzunezkoa, "benetako ikasketa-prozesua izaten ari da", eta orain finantziazioa bilatzen ari dira proiektua gorpuzteko: "Nire motibazio nagusia pertsonala da, eurek egindako lana omendu eta aitortu nahi dudalako. Baina baita ere kolektiboa, Euskal Herriko zinemaren historian ahaztuta daudelako". Ideia horretatik datorkio izenburua dokumentalari: Esto no es Hollywood.
Ikus-entzunezkoetan lan egiteaz gain, Jone Ibarretxe artista polifazetikoa da, hainbat musika proiektutan ibili baita: Chalwa Band, Leun, Cecilia Payne... Orain Vulcanizadas taldeagaz lehenengo lana kaleratuko du, blues eta soul doinuekin. Bere alaba bezala, Josemi Ibarretxe ere artista polifazetikoa zen, eta ikus-entzunezkoak sortzeaz gain, Areetako Xake plazako horma-irudi erraldoia egin zuen 1983an. "Ideia berea izan zen, Udalak pintura eta aldamioak bakarrik jarri zituen. Ez dut lortu jakiterik nondik datorren xakearen ideia, eta zoritxarrez aita ez dago gure artean erantzuteko". Inork horren erantzunik izango balu... "hori itzela izango litzateke!". Orain Jone irudia babesteko ahaleginetan ari da, desagertzeko arriskua duelako: "Nire aitak esaten zuena dut gogoan: artista izateaz harro nago, ni hiltzen naizenean nire arteak bizirik jarraituko duelako".