Udalerriko berdeguneetan pilatutako zikinkeria "nahita" isuritakoa dela salatu eta lorezaintza-zerbitzukoen grebagaz lotu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2024ko api. 16a, 14:25

Haien lan-baldintzak defendatzeko asmoz, greba mugagabea abiatu zuten apirilaren 2an Getxo Lorategiak ABEEan lan egiten duten beharginek. Getxoko Udalak deitoratu du, ordutik, udalerriko berdeguneetan "zikinkeria arruntetik haratago nahita egindako isurketak" daudela, eta, horren ondorioz, jakinarazi du horren berri eman zaiola Udaltzaingoari, "behar diren neurriak har ditzan".

Getxoko Udalak publikoki salatu du berdeguneetan ohiko zikinkeria baino gehiago pilatzen ari dela egunotan udalerriko berdeguneetan, eta egoera hori joan den apirilaren 2an Getxo Lorategiak ABEEan lan egiten duten beharginen greba mugagabeagaz lotu du. Izan ere, azaldu duenez, zapatu, domeka eta jaiegunetan, berdeguneak greban dauden beharginak ez diren beste kontratu baten bidez "artatu eta garbitu" ei dira, 2014tik. "Beste enpresa horretako langileak ez daude greban, eta garbiketa-lanak normaltasunez egiten jarraitzen dute", adierazi dute udal-iturriek, eta, hartara, egunotan pilatutako "ezohiko" zikinkeria, "nahita egindakoa" dela ondorioztatu du Udalak.

Getxoko lorategiak zaintzeko lorezaintza-zerbitzuko langileak greba mugagabean daude apirilaren 2az geroztik. Udalak zehaztu duenez, haien zereginetako bat da, besteak beste, Udalaren kontserbazioko berdeguneak garbitzea, baina, greba abiatu zenetik, hori ez da egin astean zehar, lan-agintaritza eskudunak, udal-lorezaintzako zerbitzua ematen duen enpresak eskatuta, berdeguneak garbitzeagaz edo udal-kontserbazioko zuhaitzak dituzten gorabeherak artatzeagaz lotutako gutxieneko zerbitzuak ez zehaztea erabaki baitzuen, funtsezko zerbitzutzat hartu ez zituelako. 

Lan-hitzarmen berria negoziatu guran

Getxoko lorezaintza-zerbitzuaren enpresa esleipenduna den Getxo Lorategiak ABEEko langileek greba mugagabea abiatu zuten apirilaren 2an, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako.

ELA sindikatuak azaldu duenez, hainbat bilera egin ondoren, enpresak negoziazioan aurrera egiteari uko egin dio, eta KPIaren oso azpitik dauden soldata igoerak eskaini ditu, egungo lan baldintzak okertzeaz gain. Ildo horretan, sindikatuak aldarrikatu du erosahalmenari eustea eta langile-taldearen lan baldintzetan inolako atzerapausorik edo okertzerik ez egotea.

Getxo Lorategiak ABEEak lorategietako zerbitzua 2022ko apirilaren 1ean lortu zuen, eta lehen egunetik jakinarazi die langileei zerbitzu defizitarioa dela, sindikatuaren arabera. "Egoera horren errua enpresarena da, beheranzko lizitazioa egiteagatik, eta baita Getxoko Udalarena ere, zerbitzua horrela esleitzeagatik. Izan ere, jakitun ziren era honetan ezin direla plantillaren lan baldintzak bermatu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun