Getxoko Udaleko lorezaintza-zerbitzuko langileek greba mugagabea abiatu dute

Ander Zarraga 2024ko api. 3a, 12:40

Getxoko lorategiak kudeatzen dituen enpresako beharginek greba mugagabea abiatu dute beraien lan-baldintzak defendatzeko. ©

Getxo Lorategiak ABEEko beharginek ELA sindikatuaren bitartez salatu dute 2022an enpresak beherantz lizitatu zuela Getxoko lorezaintzaren esleipena, eta horrek lan-baldintzak okertzea eragin duela. Gaineratu dute enpresak lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta duela, eta Udala ere egin dute egoeraren arduradun.

Gaur, apirilak 2, langileek euren lan-baldintzak defendatzeko egin duten lehen lanuzteak "jarraipen oso zabala" izan duela azpimarratu dute ELA sindikatutik. Azaldu dutenez, Getxo Lorategiak aldi baterako enpresa-elkarteko beharginek greba mugagabera jo dute, besteak beste, "hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako".

Halaber, gaineratu dute hainbat bilera egin ostean, enpresak negoziazioan aurrera egiteari uko egin diola eta "KPIaren oso azpitik dauden soldata igoerak eskaini ditu, egungo lan baldintzak okertzeaz gain". Sindikatuak azaldu duenez, beharginek erosahalmenari eustea eta lan-baldintzetan inolako atzerapausorik edo okertzerik ez egotea aldarrikatu dute.

"Getxo Lorategiak ABEEak lorategietako zerbitzua 2022ko apirilaren 1ean lortu zuen, eta lehen egunetik jakinarazi zien langileei zerbitzua defizitarioa dela", adierazi dute, gaineratuz egoera horren errua enpresarena dela, "beheranzko lizitazioa egiteagatik".

Halaber, beharginek Getxoko Udala ere egin dute egoeraren arduradun "zerbitzua horrela esleitzeagatik; izan ere, jakitun ziren era honetan ezin direla plantillaren lan baldintzak bermatu". 

Bere aldetik, Getxoko Udaleko prentsa arduradunek adierazi dute Udalak ez duela inolako kontratu-harremanik lorezaintza-zerbitzuko langileakaz, "langileen kontratu-harremana zerbitzuaren lizitazioa duen enpresagaz da".  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun