Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

"Gero arte" esango diote bihar Itzubaltzeta gaztetxeari jaialdi baten bidez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko ots. 1a, 17:39

Urtarrilaren 21ean abiatu ziren Gobela ibaiko lanak Errekaganen, uholdeak saihesteko asmoz. Bi urte eta erdi iraungo dute URA Uraren Euskal Agentziaren obrek. Hurrengo egunean, berriz, Itzubaltzeta gaztetxearekin hitzarmena adostu duela iragarri zuen Udalak, eta bertoko neska-mutilak hasi dira pixkanaka erreka ondoko pabilioiak husten. Akordioari jarraituz, Ezequiel Agirre kaleko “etxe merkeetako” bat lagako die Udalak Itzubaltzeta gaztetxeko kideei, obrak iraun bitartean, bere jarduera aurrera eraman ahal izateko. Hala ere, egoitza berrian ezin izango dituzte hurrengoak egin: musika kontzertuak, musika taldeen entseguak, jaiak, ospakizunak, azokak, taberna edo jatetxe bezala erabili, ezta bazkariak prestatu ere. Ordutegiei dagokienez, hitzarmenak ezartzen du jarduerak Getxoko Kultur Etxearen ordutegi berberak izango dituela, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. Gauzak horrela, larunbat honetarako, otsailak 2, "Agurrik ez... gero arte!" lelopeko jaia antolatu du Itzubaltzeta / Romoko Gazte Asanbladak. Besteak beste, azkeneko herri-lanak (10:00), triki-poteoa herritik (14:00), herri bazkaria (15:30) eta bideo-proiekzioa (17:30). Gauean, berriz, doako kontzertua (19:00) izango da gaztetxean, Tois, Atadxs a Nada, Striknina eta Uttima Neurona taldeen eskutik; eta beste ezusteko batzuk. Azkenik, gauerditik aurrera azken gau-pasa egingo dute. Bazkarirako txartelak gaztetxean salgai daude, 6 eurotan. Argazkian, kontzertua Itzubaltzeta gaztetxean, artxiboko irudian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun