Udal hauteskundeak 2015

"Txefo" Landa izango da Getxoko sozialisten zerrendaburua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 1a, 23:01
Jose Luis Landa Artetxe, "Txefo", izango da datorren maiatzaren 24ko hauteskundeetan Getxoko PSE-EEk aurkeztuko duen alkategaia, 1999tik ardura hori izan duen Luis Almansa ordezkatuz. Horrela erabaki zuten atzo Algortako zein Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko taldeetako militanteek, parte hartze handiz egindako primarioetan. Landak botoen %53,90 eskuratu zuen eta Agus Ruiz Estivariz Areeta eta Itzubaltzetako Talde Sozialistako idazkari nagusi eta zinegotziak, berriz, %44,68. Gauzak horrela, Landa, 56 urteko filosofia irakasle algortarra, udaletxera bueltatuko da, 20 bat urte beranduago. Izan ere, 1991n Euskadiko Ezkerrak lortu zituen zinegotzi bietako bat izan zen. 1993an, ordea, Euskadiko Ezkerra PSErekin batu zenean, Bizkaiko Ingurumen delegatu gisa lan egin zuen Jose Antonio Maturana sailburu sozialistaren taldean eta Patxi Lopezen Gobernuan ere Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoaren burua izan zen, URA agentziaren barruan. Bertatik arreta handia jarri dio Gobela ibaiari, besteak beste. Argazkian, "Txefo" Landa, ezkerrean, Rodolfo Ares aurkezten Algortako Herriko Etxean emandako hitzaldi batean / © Agus Ruiz.
Bitartean, 2007an eta 2011n Getxoko udal hauteskundetarako zerrendetan agertu zen, baina bietan azkena, bigarren ordezko gisa. Hauteskunde primarioak 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan burutzea adostu zuen PSE-EEk. Halere, Erandion zein Leioan hautagai bakarra izan zen eta, hortaz, ez zituzten burutu. Datozen asteotan jakinaraziko dituzte alkategaien izenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun