Elkarrizketak

Inma Garcia eta Andrea Suarez: "Aurrerapauso nabarmena da Leioan gauden entitate guztiak batzea Munduko Arrozak antolatzeko"

Nahia Martinez Gondra 2023ko urr. 6a, 09:00

Sortarazi elkarteko Inma Garcia eta Andrea Suarez daude Leioako Munduko Arrozak ekimeneko antolakuntzan. © SORTARAZI

Leioako Munduko Arrozak ekimeneko lehenengo edizioa ospatuko dute bihar, urriaren 7an, herriko Boulevard gune estalian. Hala, Uribe Kostako beste herri batzuek bezala, Leioa ere batuko da kultura aniztasuna eta inklusioa lantzeko ekimen horretara. Tokiko Udalararen laguntzagaz batera, herriko emakumeen eta migratzaileen erakunde kultural eta sozialek prestatu dute eguna, eta, horien artean, Sortarazi elkarteko Inma Garcia eta Andrea Suarez daude antolakuntzaren barnean. Haiekaz batu gara ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko. 

Zer egitarau prestatu duzue lehenengo edizio honetarako?

Nahiko beteta dugu egitaraua. 09:30ean hasiko gara mahaiak eta aulkiak banatzen, izan ere, 23 taldek eman dute izena eta  denbora beharko dugu horretarako. 11:00etatik 13:00etara hiru tailer ezberdin egongo dira: haurrentzako hiriko dantzak Fidias elkartearen eskutik; Afrofuturismo arte tailerra Karina Senatorerekin Zurrumurrurik Ez Estrategiaren barnean eta henna eta te tailerra gure elkartea den Sortaraziren eskutik. 

14:00etan manifestua irakurriko dute, eta gero, arrozak aurkeztuko dituzte dastaketekin hasteko. Hori amaitzean, 14:30ean paella solidarioa aurkeztuko dute: paella handi bat da momentu horretan Leioako kaleetatik dauden bizilagunei eskaintzeko. Hala, izena eman duten 23 talde horiez gainera, girora batu daitezke leioaztar gehiago. Hori eta gero, paellen sari-banaketa egingo dugu, eta, bukatzeko, dantza tailer bat dago antolatuta 16:00etan Afrobeats-en eskutik. 

Zein da Munduko Arrozen xedea?

Jai eta aldarrikapen giroan kulturarteko gune bat sortzea da helburua. Herriko talde ezberdinak eta nahi duten biztanle guztiak elkartzen gara kultura aniztasun eremu hori sortzeko eta antolatzeko. 

Munduko Arrozak ekimena inguruko herrietan ere egin dute azken urteetan. Zergatik erabaki duzue orain Leioan ere egitea?

Leioako gero eta auzo gehiagotan nabari daiteke kulturartekotasuna. Askotan kolektibo horiek ezkutatuta eta baztertuta daude arrazakeriagatik eta horrelako ekimenekin herria batu nahi dugu. Azken finean, giro ezin hobea sortzen da eta aurreiritziei aurre egiteko tresna ezin hobea dela uste dugu. 

Lehenengo edizioa izanik, antolakuntzan zailtasunak izaten ari zarete?

Nahiko ondo antolatu gara. Espero genuen lagun eta kolektibo gehiago batu gara eta hilabete nahikotxo daramatzagu ekimena prestatzen. Zailtasunik handiena koordinazio aldetik izan da: material asko lortu behar ditugu, informazioa jendeari helarazi behar zaio, ekimenaren helburuak ere ondo transmititu behar dira, etab. Gainera, ez genuen hainbeste lagun eta talde apuntatzea espero. Finkatu genuen gehienez 200 pertsona etorriko zirela eta azkenean 400 inguru etorriko dira. Hala ere, lortu dugu. Bihar ikusiko dugu nola moldatzen garen. 

Zuon ustez, zer behar da Leioan benetako inklusio bat lortzeko?

Gure ustez aurrerapauso nabarmena da Leioan gauden entitate guztiak batzea Munduko Arrozak bezalako ekimen bat antolatzeko. Gainera, Leioako Udalak ere parte hartu du eta bere laguntza jaso dugu eta horrek jada ireki du komunikazio bide bat. Beraz, ekimen hau izan daiteke lehenengo atea guztion artean koordinatzeko eta Udalarekin batera auzoan eta herrian dagoen errealitateari aurre egiteko. Modu horretan, seguruak eta anitzak diren guneak sortu nahi ditugu.

Etorkizunari begira edizio gehiago egitea aurreikusten duzue? 

Espero dugu baietz. Ez soilik horrelako ekimenak antolatzeko baizik eta ekintza gehiago urtean zehar egiteko ere. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun