Plentziako institutuko ikasleek 133 kilo janari erreskatatu dituzte martxoan

Ander Zarraga 2024ko api. 8a, 10:45
Uribe Kosta BHI institutuko ikasleek kudeatzen dute zuzenean Plentziako udaletxean dagoen makina. © REXCATERING

Iazko azaroan, Plentziako udaletxeko arkupean Uribe Kosta BHI institutuko jantokiko soberakinak berreskuratzeko salmenta-makina bat jarri zuten, Udalaren eta Residuo Cero fundazioaren lankidetzari esker.

Residuo Cero fundazioaren Rexcatering izeneko ekimenaren bitartez hainbat katering-zerbitzutako jatekoa berreskuratzeko egitasmoa ari dira bultzatzen, dohainik herritarrek esku jartzeko. Fundazioko kidea eta Rexcatering proiektuko arduradunetako bat da Alvaro Saiz, eta azaldu duenez, "hainbat jantoki-zerbitzuagaz egiten dugu lan, eta kasu honetan, Plentziako institutuko jatekoa ari gara eskuragarri jartzen, elikagai horiei bigarren aukera bat emateko".

Azpimarratu du proiektuak jaki horien berreskurapenaz gain, "hezkuntza-osagai oso garrantzitsua" ere baduela, prozesuetan ikasleak inplikatzen dituztelako: "Ikasleek aplikazio baten bidez kudeatzen dute makinan dagoen jatekoa, beraiek jartzen dituzte etiketak eta kudeatzen dute makina zuzenean". Halaber, adierazi du makina horretatik edonork jatekoa hartu dezakeenez, "premiagatik hartzen duten pertsonei duintasuna ere ematen zaie, ez delako inor seinalatzen; hau ez da pobreentzako makina, herritar guztientzako baizik".

"Jakien segurtasuna eta egoera ona bermatzeko, prozesu sanitario baten bitartez berreskuragarriak direnak bereizten ditugu, jantokietako langileak prestatzen ditugu eta makinara doazen elikagaiak ontziratu eta termoseilatu egiten dira, tenperatura oso azkar jaisten dien makina bati esker iraungitze-data bost egunez luzatzen baita", azaldu du Saizek.

Plentziako udaletxeko arkupekoa bezala, beste hainbat makina jarri dituzte beste udalerri batzuetan, eta Saizek horien arrakasta erabatekoa dela azpimarratu du: "Adibidez, Portugaleten lau makina ditugu, bat hiru ikastetxeko, baina bertan jartzen dutena ez da bi orduz ere egoten".  

Plentziakoaren kasuan, martxoko datuen inguruan argitaratu duten txostenean adierazi dute 133 kilogramo jaki berreskuratu dituztela 583 anoaren bitartez. Besteak beste, aipatu dute makina martxan egon den egunetan, gehienez sei ordugaz nahikoa izan dela hori husteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun