Plentziako institutuko elikagaien soberakinak berreskuratzeko proiektu berritzailea ezarriko dute

Ander Zarraga 2023ko aza. 9a, 12:56

Rexcatering egitasmoko salmenta-makina udaletxeko arkupean kokatuko dute, institutuko elikagaien soberakinak eskuratu ahal izateko. © EUSKADI.EUS

Plentziako Udalak Rexcatering izeneko ekimenagaz bat egin du udalerrian elikagaien xahutzea murritzeko helburuagaz. Horri esker, Uribe kosta BHI zentroko jantokian sortzen dituzten elikagaien soberakinak berreskuratuko dituzte, udaletxearen arkupean egongo den salmenta-makina baten bitartez plentziarren eskura jartzeko.

Azaroaren 10ean martxan jarriko duten proiektua Residuo Cero fundazioaren lankidetzari eta Plentziako Udalaren diru-laguntzari esker abiaraziko dute. Rexcatering Espainiako Estatu mailan jantoki eta sukalde handietan sortutako elikagai-soberakinak osasun-berme guztiak berreskuratzen dituen proiektu bakarra dela azpimarratu dute Residuo Cero fundazioko kideek, "betiere Europako Batasunak proposatutako Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraituz".

Halaber, proiektua daborduko inguruko hainbat udalerritan ezarri dute, hala nola Azpeitian, Etxebarrin, Durangon, Lemoan eta Donostian. Horrez gain, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Global Innovation Day 2021ean berrikuntzako sei jardunbide eredugarrienen artean aipatu zuen Rexcatering proiektua, eta 2023ko maiatzaren 11n Varsovian (Polonian) egindako Innovation in Politics Awards 2023 sariketan Europako saria jaso zuen Klimaren Babesa kategorian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun