Denok Bateraren eta Sopela.net agerkariaren arteko tirabirak ez du etenik

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 27a, 10:40
TAOren makina Sopelako hondartza inguruan. © SURF30

Sopela.net-eko arduradunek ez dute begi onez ikusi Denok Batera plataformak "Sopelako EH Bilduren webgunea" direnik esateak. "2009an, koalizioa existitzen ez zenean, sortu zen agerkaria", aipatu dutenez. Gainera, egindako akusazioak berretsi egin dituzte. Hondartzetan TAOren zerbitzua kudeatzen duen enpresari lonja alokatzea eta horretarako, informazio pribilegiatua erabiltzea egotzi zion koalizio abertzaleak DBTUko zinegotzi bozeramaileari, Sopela.net agerkariaren arabera. Akusazioak ukatu eta euren ordezkaria "kalumniatzeko" bere webgunea erabiltzea leporatu zion DBTUk koalizio abertzaleari.

Gaiari buruzko bigarren prentsa-oharrean, "Sopela.net webguneko artikulu gehienak EH bilduko zinegotziek sinatzen" dituztela salatu du DBTUk; euren ustez, "gehienetan gu iraintzeko eta kalumniatzeko erabiltzen dituzte".

Sopelako Danok Bateraren oharra, osorik:

Sopela.net webgunean argitaratutako artikulu politikoak ez ditu inork sinesten, EH Bildu Sopelakoek ezean.

EH Bildu Sopela alderdiko zinegotziek Sopela.net webguneko artikulu gehienak idazten eta sinatzen dituzte, eta haien helburu bakarra euren alderdiak dituen helburu politikoen bidean jartzen den guztiari kontra egitea da, bereizi gabe. Artikulu horietako asko DBTU plataforma iraintzeko eta kalumniatzeko erabiltzen dituzte: "kasta politikoa" izendatu gaituzte eta irabaziak egiteko informazio pribilegiatua erabili genuela adierazi dute. Horren arrazoia? DBTU ez da haien nahiaren aurrean makurtu, beste batzuek egin duten bezala, eta ezarri ditugun bidea eta helburuak lortzeko bidean sendo jarraitzen dugu.

Zinegotziak direnez, egia ezagutzen dute baina, hala ere, gezurrak esaten dituzte errealitateak alderdiaren interesei aurka egiten dien bakoitzean.

DBTUk eman zuen aurreko komunikatuan, HIRUKA webgunean argitaratua, argi utzi genuen Sopelako TAOren bulegoaren auzia. Argitzeko eman genituen aalpenak edonork egiaztatu ahal ditu erraz.

DBTU ez da erakundeetaraino heldu EH Bildu Sopela alderdiarekin eztabaida hutsaletan ibiltzeko. Berango, Sopela eta Urdulizko herritarren alde lan egiteko etorri gara, eta horretarako erabiliko ditugu ahaleginak eta denbora.

Nahiago genuke EH Bildu Sopelak gauza bera egitea baina, oraindik, ematen du gezurretan eta kalumnietan ibiltzea nahiago dutela.

DBTU - Batzorde Betearazlea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun