Zipiriñeko familiek erabaki dute Loroñon egitea eraikin berria

Ander Zarraga 2021ko ots. 22a, 10:59

Zipiriñeko gurasoak ikastetxearen arazoak salatzeko hainbat manifestazioak egin dituzte Sopelan. © HODEI TORRES

Zipiriñe ikastetxeko leku-arazoak konponduko dira Loroñon egingo den eraikin berriagaz; izan ere, gurasoen % 78a proposamen horren alde azaldu zen urtarrilean egin zuten galdeketan. Orain, Eusko Jaurlaritzak bozkatutakoa onartu eta lanen izapideak eman behar ditu erabakitakoa gauzatzeko.

Zipiriñe ikastetxeak duela hamarkada bat sufritzen dituen arazoak konpontzeko bigarren eraikin bat egitea erabaki dute gurasoek. Hala, Loroñon, ikastetxetik 300 metrora, egingo duten eraikin berrira eramango dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak.

Urtarrilaren 18tik eta 22ra egin zuten prozesu parte-hartzailean ikastetxeko 390 gurasok parte hartu zuten: 249 emakumek eta 141 gizonek. Horietako 304 (% 78) eraikin berriaren alde bozkatu zuten; 78 (% 20) ikastetxea handitzea eskatu zuten; eta 8 (%2) boto zuri egon ziren. Sopelako Udalak Ibatuz enpresa kontratatu zuen prozesu hori garatzeko.

Proiektu bi

Gurasoek proiektu biren artean aukeratu behar izan zuten urtarrileko galdeketa horretan: alde batetik, EAJk eraikina handitzeko proposatu zuen, Goiena kalean patioa zabalduta, eta, bestetik, EH Bilduk planteatu zuen Lehen eta Haur Hezkuntza eraikin berri batera eramateko aukera.

Bozkatu zutenen gehiengo zabalak koalizio abertzalearen proiektua babestu zuen, eta, orain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari dagokio azken erabakia onartzea. Izan ere, Jaurlaritzak oraindino ez ditu Zipiriñeren beharrak 2019/2023ko Hezkuntza Azpiegituren Planean txertatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun