Beste behin, kalera irteteko deia egin die Zipiriñeko IGEk (Gurasoen Elkartea) bertako ia 700 familiei. "Azken bederatzi urteetan kezka agertu dugu ikastetxearen egoeragatik", azaldu dute, "leku- eta egokitze-arazo larriak ditugu, eta dagoeneko eskola ez da egokia eskariari erantzuteko, ez eta Euskadin ustez dauden kalitate-estandarrak betetzeko ere". Protesta egiteko, gurasoen zenbait ordezkari Udalaren osoko bilkurara joango dira gaur, otsailak 27; bariku arratsaldean, berriz, martxa egingo dute eskolatik udaletxeraino, 16:15ean hasita. "Familiei pazientzia agortu zaigu" esanez hasten da deialdia egoteko zabaldu duten idazkia.
Diotenez, beste muga bat gainditu dute aurten: jantokiak ez du leku nahikorik. "Baliteke familia batzuk zerbitzu horretatik kanpo geratzea datorren ikasturtean", adierazi dute. Jantokiarena, nabarmendu dutenez, zerrenda luze bateko azken gertakari larria da. "Urteotan, galdu egin ditugu psikomotrizitate-gela, liburutegia, informatika-gelak, musika-gelak eta laborategia; barrakoi bi eraiki dira; irakasleek ez dute leku egokirik batzeko eta lan egiteko; umeak sartzean eta irtetean kolapsoa egoten da; euria egiten duenean pilatuta egoten dira...".
"Ikasturteko bost lerro ditu eskolak, baina lau lerro izateko diseinatu zen; gehienez 40 ikasgela izan behar zituen, eta 44 ditu momentu honetan"
Gurasoek diotenez, Bizkaian ikasle gehien duen ikastetxe publikoetako bat da Zipiriñe: 925, gaur egun. "Ikasturteko bost lerro ditu eskolak, baina lau lerro izateko diseinatu zen; gehienez 40 ikasgela izan behar zituen, eta 44 ditu momentu honetan". Arazoarekiko axolagabekeriaz jokatzea leporatzen diote Eusko Jaurlaritzari: "Zipiriñe ez dago euren hezkuntza-plan estrategikoan, ez da haien kezketako bat".
Martxoaren 3an Eskola Kontseiluko ordezkaritza bat "Euskal Administrazio Publikoarekin" elkartuko dela gogorarazi du IGEk, eta batzar horren bezperan ere mobilizatu egingo direla iragarri dute.