Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak apiril hasieratik du esku artean Sopelako Udalaren eskutitz bat. Bertan, Zpiriñeren aspaldiko leku-arazo larriari aurre egiteko talde politikoek egindako proposamenak jasotzen dira. Hala ere, Hezkuntza Sailaren planetan ez dago Zipiriñeren arazoa aurreikusita. “Egin beharreko lehenengo pausoa da Hezkuntza Sailak Zipiriñe sartzea 2019-2023 aldirako Inbertsio Planaren barruan”, jakinarazi du Josu Landaluze Sopelako alkateak.
Aste honetan, EAJren eta EH Bilduren proposamenen artean bat aukeratuko beharko dute gurasoek, Sailari egitasmo bateratu bat bidaltzeko. Horretarako, galdeketa online edo zuzenean egin ahal izango dute Gurasoen Elkartearen bulegoan, eguenera arte. “Gurasoen balorazioa dugunean Hezkuntza Sailera bidaliko dugu, beraiek dutelako azken hitza”, esan du alkateak.
Horrela adostu zuen Sopelako Hezkuntza Mahaiak, azaroan egin zuten azken lan-saioan. Hori osatzen dute Sopelako Udaleko alderdi politikoek eta Zipiriñe eskolako eta Gurasoen Elkarteko zuzendaritzak.
Bere aldetik, Unai del Burgo EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “ateratzen den emaitza Sopelako herritarren erabakia izango da, eta Sailak onartu beharko du”.
Bi proposamenak.
EAJk proposatu du eskola orain dagoen tokian mantentzea, eta gimnasioa dagoen lekuan eraikin berri bat egitea. Horrek solairu bi izango lituzke, 60 metro koadroko 16 gelagaz eta hornikuntza berriagaz. Proposamen horrek, gainera, Goiene kalean zehar patioa 1.600 metro koadro zabaltzea ere aurreikusten du.
Bestalde, EH Bilduk Loroñon, aparkalekuaren lur-sailean, solairu biko eraikin berria egitea mahai-gaineratu du. Bertan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak egongo lirateke. Koalizioaren iritziz, zentroa eremu natural egoki batean jarri beharko litzakete.