Sopelako ondare naturalari balioa emateko jardunaldiak egingo dituzte Kurtzio kultur etxean

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 9a, 13:50
Inguruko ondare naturalari balioa eman gura diote. © SOPELAKO UDALA

Apirilaren 12tik 14ra Sopelako bihotz naturalak bizia hartuko du Kiribile elkarteak, Sopelako Udalagaz elkarlanean, antolatutako jardunaldi batzuen bidez. Helburua nagusia da inguruko ondare naturalari balioa ematea eta gure inguruarekiko kontzientzia eta errespetua lantzea.

Jarduerak bi dokumentalakaz hasiko dira, eta horregaz, aberastasun naturalaren esplorazioa sustatu gura dute: tokian tokikoa eta nazioartekoa. Barikuan, apirilaren 12an, arrastiko 18:30etatik aurrera, Kurtzio kultur etxean Natura Bizia proiektatuko dute, Euskal Herriko biodibertsitatean murgiltzeko bidaia. Zapatuan, ordu berean, La Senda no Marcada saioak Bizkaiko txoko ezezagun eta basatienetan murgilduko ditu herritarrak, zuzendariakaz solasaldi bat izateko aukeragaz.

Zapatuan bertan, apirilaren 13an, 19:30ean, Sopelako biodibertsitateari buruzko inbentarioa aurkeztuko du Kiribilek. Sopelako Eraztun Berdea sustatzeko konpromisoa duen erakundea den aldetik, gune horren berezko aberastasun naturala nabarmentzea da bere helburu nagusia. Domeka, apirilak 14, haurrentzat gordeta dago eta, hegaztiei buruzko Batetik Bestera Kontzertua egingo dute Kurtzio kultur etxean; bertan, hainbat espezie ezagutuko dituzte modu didaktiko, alai eta dibertigarrian.

Gainera, apirilaren 11tik 30era, Kurtzio kultur etxean, landare, onddo, hegazti eta narrastien inguruko argazki erakusketa bat egongo da ikusgai. Erakusketa hau tokiko faunaren aniztasuna erakutsiko duen bideo bategaz osatuko da, bisitari guztien esperientzia aberastuz.

Kiribile elkartetik baieztatu dute jardunaldiak oso aukera aproposa direla Sopelako ingurua ezagutzeko: "Jardunaldi hauek gure ingurune naturalaren edertasunaren eta garrantziaren leiho izango dira eta inguratzen gaituen natura ezagutzeko eta estimatzeko bidaia batean murgiltzera gonbidatzen dute komunitatea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun