Elkarrizketak

Patricia Urrutia: "Garrantzitsua da esan nahi dudana era egokian adieraztea umeak infantilizatu gabe"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 4a, 11:10

Hitzez, musikaz eta testuaz arduratzeaz da Patricia Urrutia. © BENETAN BE

Batetik Bestera Kontzertua haurrei eta familiei euskara hutsean zuzendutako emanaldia da. Lantaldea osatzen dute Patricia Urrutiak, Josu Aginaga, Andres Letamendia, Edu Berja, Rober Quintana, Maialen Magunagoitia eta Esther Terradasek, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko dute txorien eta giza migrazioen inguruan abesten. Hala, apirilaren 14an Sopelako Kurtzio kultur etxean arituko dira, eta uztailaren 28an, Gorlizen. Patricia Urrutia abeslari eta biolin-jotzailearen eskutik sorkuntza artistiko honen nondik norakoak gertutik ezagutu ahal izan ditugu.

Zer kontatzen duzue Batetik Bestera Kontzertua-n?

Proposamen garbi, txukuna eta oso dibertigarria egin dugu. Txorien migrazioen bidez, giza migrazioen gainean hausnartuko dugu. Abestiek gure ingurumenaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatzen dituzte eta elkartasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna balorean jartzen dituzte. Eki arrano arrantzalea (eta arrain arranozalea), Ubarroiarena, Argi mozoloa, Partekatu… Guretik igarotzen diren txoriei eta euren ohiturei buruz arituko gara. Eta elkarrekin abestuko dugu!

© BENETAN BE

2022an antzerkia aurkeztu zenuten; oraingoan kontzertua egitera ausartu zarete. Zergatik erabaki duzue aldatzea? Zein ezberdintasun ditu aurreko formatuagaz konparatuta?

Batetik Bestera antzezlanaren sorkuntza garaian bertan abiatu zen paraleloan proiektu musikala. Asmoa eta gogoa zen nolabait antzerkiaren oihartzunak musikaren bidez irautea. Antzerkian agertzen diren abestiez gain beste hainbat sortu ditugu bereziki diskorako eta kontzerturako. Uste dut aldatzea baino, eraldaketa bat izan dela. Eta oso polita izan da eraldaketa hori. Formatuari dagokionez, ezberdintasuna erabatekoa da. Hau kontzertu bat da. Musikariak gaude oholtzan zuzeneko musika jotzen eta ikusleekin harreman zuzena sustatzen dugu bai abestien artean dauden tarteetan, bai abestietan. Oso giro gozoa eta dibertigarria sortzen dugu denon artean.

Aldaketa hauek erronka handia izan dira?

Bai, baina erronka ederra ere izan da, eta oso gustura egin dugu. Benetan Be Teatroaren sorkuntzetan musikak beti garrantzi handia izan du. Eta gure antzezlanetan zuzeneko musika beti egon da presente. Bakoitzak bere izaera eta ezaugarri propioak dituzten arren, antzerkia eta musika oso gertu daude elkarrengandik. Edo behintzat horrela sentitzen ditut nik. Hala ere, agian niretzat aktore moduan, aldaketarik handiena edo erronkarik handiena izan da oholtzan egotea pertsonaiarik jokatu gabe. Hau da, ni egotea abesten, jotzen, ikusleekin berbetan pertsonaia hau edo bestea jokatzen egon barik.

Euskara hutsean egiteko apustua egin duzue. Ume euskaldunen partetik erantzun ona jaso duzue?

Benetan Be Teatroren sorkuntza guztiak euskara hutsean sortu, garatu eta gauzatzen dira. Guretzat hautu politikoa eta maitasun hautua da aldi berean. Erantzuna beti izan da bikaina. Ume, gazte eta helduen aldetik erantzuna ezin hobea da. Niretzat izugarria da tentuz eta maitasunez landutakoa ikusleengana heltzean jasotzen dugun erantzuna. Beti da hunkigarria.

Uste duzue euskarazko sorkuntza nahikoa dagoela umeentzako? Nola ikusten duzue testuingurua?

Umeentzako eta euskaraz sorkuntza oparoa dago eta kalitate handikoa. Era askotako proposamenak egiten dira umeentzat euskaraz, antzerkitik, musikatik, ipuin kontaketatik, hizkuntza eszeniko ezberdinak uztartzen… Testuinguru aberatsa eta askotarikoa dago.

Zein da emanaldi hauek egitetik gehien disfrutatzen duzuena?

Musika elkarrekin jotzea eta abestea plazer handia da. Eta etxean sortutako abestiak ikusleekin batera kantatzea, pasada bat. Eta “hedatze-uhin” hori haratago doanean, hau da, kontzertua bukatu ostean haurrak edo helduak entzuten dituzunean kantu horiek abesten, itzela! 

© BENETAN BE

Zure kasuan, ahotsa eta biolinaz gain, testuaz arduratzen zara. Zer hartzen duzu kontuan umeentzako testu eta letra bat sortzerako momentuan?

Niretzat garrantzitsua da esan nahi dudana era egokian adieraztea hartzailea infantilizatu gabe. Oso argiak dira umeak eta gazteak. Testu, hitz eta musika soil, zuzen eta jostagarriak gustatzen zaizkit. Emaitza izaten da bai haurrek bai eurekin batera gerturatzen diren helduek gozatzen dituztela proposamenak. Kasu honetan ere, guk gure txikiekin batera abestu eta entzun nahi ditugun abestiak egin ditugu eta pozarren gaude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun