Alconzako langileak borrokan

"Gaur garaipen eguna izan da eskirolak ez baitira lanera etorri"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2022ko api. 29a, 11:46

Alconzako beharginek 61 egun daramatzate greban beraien lanpostuen eta lantegiaren etorkizunaren defentsan. Aurreko egunetan ez bezala, gaur ez da langilerik sartu fabrikara, horregatik, "garaipen eguna" izan dela aldarrikatu dute grebalariek. Era berean, prentsaurrekoa egin dute poliziaren jazarpena salatzeko eta Irizarri eskatzeko kaleratutako 25 langileak berriro onartu ditzala eta ekin diezaiola Alconzaren enplegua eta etorkizuna bermatuko duen industria-planari. 

Gaur, barikuan, ez dira aurreko egunetako tentsio-uneak errepikatu Berangoko Alconza lantegiaren atarian. Astelehenetik, Irizar Taldeak Alconza kudeatzeko ezarri zuen Norgestion enpresak lantegia zabaltzea erabaki zuenetik, tentsio uneak errepikatu dira protestan ari diren grebalarien eta Ertzaintzako agenteen artean. Aldiz, gaur, apirilak 29, Ertzaintzako agenteen hainbat patruila eta furgoneta bertaratu diren arren, langileak ez dira lantegira sartzen saiatu, eta ez da liskarrik egon.

Hala ere, greban 61 egun daramatzaten Alconzako langileek hartutako erabakia berresteko adierazpena egin dute. Azaldu dutenez, "ez da erabaki erraza ez izan", baina Irizarrek gauzatu gura duen enpleguaren suntsipenari aurre egiteko modu bakarra dela ondorioztatu dute. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzaren utzikeria ere gogor kritikatu dute, "gure industria apurka-apurka eraistearen aurrean".

Era berean, azaldu dute enplegu-erregulazioko espedientea dela-eta, Eusko Jaurlaritzagaz, EAJ eta PSE-EE alderdiakaz egin dituzten bileretan "hitz hutsalak" baino ez dituztela entzun, eta gaur gaurkoz ez dutela haien berririk.

Halaber, Irizar Taldeko zuzendaritza batzordeari eta kontseilu sozialari gutun bat helarazi diete, "gure egoeraren berri emateko eta gure kezka adierazko". Baina deitoratu dute Irizarrek ez dituela gutunak jaso gura izan eta ez diola eskaerari erantzun; horregatik, salatu dute Irizarrek eta Eusko Jaurlaritzak Alconzako langileak gutxiestea ohikoa bihurtu dela, eta, jarrera horren aurrean, langileek borrokan jarraituko dutela iragarri dute, "guri bai axola zaizkigu gure industria eta enplegua".

Hori kontutan izanda, Irizarri bi eskaera egin dizkiote: "Kaleratutako 25 lankideak berriz har ditzatela eta eser dadila Alconzaren enplegua eta etorkizuna bermatuko duen industria-planari ekiteko".

"Ertzaintzaren mehatxuak"

Era berean, astelehenetik Ertzaintzaren aldetik jasan dituzten mehatxuak, irainak eta kolpeak ere salatu dituzte: "Gure herrian bizi izan diren aurreko gatazketan ikusi dugunez  (Tubacex, PCB...), poliziaren jazarpenaren eta errepresioaren bidez, gure aldarrikapenak isilarazi nahi dituzte. Hau al da Eusko Jaurlaritzak aipatzen duen bitartekotza? Gure delitu bakarra gure lanpostua defenditzea izan da".

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote polizia lantegitik ateratzeko eta etorkizuna defendatzeko bitartekoak jar ditzala.

Horri guztiari CCOO sindikatuaren jarrera aldaketa ere gehitu behar diotela gaitzetsi dute: "Enpleguaren eta Alconzaren etorkizunaren defentsa egitetik, kaleratzeak baliozkotzea, zuzendaritzarekin lerrokatzea eta eskirol batzuk izatera igaro dira".

Bukatzeko, Irizar E-mobilityko lankideei ere babesa eta elkartasuna helarazi gura izan dizkiete, "lan-baldintza duinen alde borrokan ari baitira".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun