Alconzako langileak borrokan

Kaleratutako 25 beharginak euren lanpostuetara itzultzeko eta Alconzaren etorkizuna bermatzeko borrokan jarraituko dute grebalariek

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2022ko api. 27a, 12:55

Berangoko Alconza lantegia martxan jartzea bermatzeko operatiboan, protestan zeuden grebalarietako bi atxiki ditu Ertzaintzak gaur goizean; horietako bati desordena publikoak eragitea eta lesioak egotzi dizkiote. Horrek, Aritz Azkonak, LAB sindikatuko Industria arloko arduradunak, salatu du leporatu gura diotena gezurra dela, eta "langileen aldarrikapenak bertan behera uzteko" biolentzia erabili izana deitoratu du.

59 egun bete dira gaur, apirilaren 27an, Alconza fabrikako langileek greba mugagabea hasi zutenetik. Gaurkoan ere, Irizar Taldeak lantegia kudeatzeko kontratatutako Norgestion enpresak planta berangoztarra zabaldu du, eta, horretarako, greban ez dauden langileak baliatu ditu. Horren aurrean, grebalariek protesta egin dute eraikinaren sarreran, eta horietako bi atxiki eta identifikatu ditu Ertzaintzak.

Oraingoan, manifestariak lantegira hurbildu direnerako, Ertzaintzak sarrera zigilatuta zuen. "Goizeko 05:50ak alderako hemen zeuden, gure zain", azaldu du Urko Herrera enpresa-batzordeko bozeramaileak. Hala, 07:00etan, lekuan batutakoak zigilatutako gunera gerturatu eta, kaleratutako 25 beharginen itzulera aldarrikatzen duen pankarta eskuetan zutela, ertzainek inguratuta, greba-hausleen zain egon dira.

08:00ak aldera hurbildu dira lantegira sartzeko prest zeuden beharginak, poliziek eskoltatuta, eta askotariko oihuen artean hartu dituzte grebalariek. Une horretan, istilua jazo da manifestari eta ertzainen artean; ondorioz, protestan zeuden kideetako bi atxiki eta identifikatu dituzte. Horietako baten kontra bortizki oldartu zaie ertzainek, ahoan borra-kolpe eta lurrera bota dutela.

Aritz Azkona LAB sindikatuko eskumaldeko Industria arloko arduraduna izan da gaur ertzainen biolentzia pairatu duenetako bat, eta, azaldu duenez, desordena publikoak eragitea eta lesioak egotzi dizkiote. "Aldarrikapenen eta salaketen aurrean, begi-puntuan jarri naute; lurrera bota naute, kolpatu naute eta egunotan pasatutakoak baliatu nahi dituzte nire kontrako muntai bat aurrera eramateko", deitoratu du.

Horren aurrean, besteak beste, sindikatuko kideak azpimarratu du lantegi berangoztarraren arazoa ezin dela bortizkeriazko modu horretan konpondu, eta, arduradunak "Alconzaren etorkizunaren eta enpleguaren alde badaude", aurreikusitako 38 kaleratzeak bertan behera uztea eta plan-industrial "erreal" bat garatzeko lanean jar daitezela eskatu die Irizar Taldeari eta Eusko Jaurlaritzari.

Irizar Taldeko zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu du Alconzak Berangon duen lantegirako, eta horrek langile-taldearen % 40a kaleratzea ekarriko luke, hau da, 38 pertsona. Horren aurrean, eta enpresak lantegi berangoztarra 2013an erosi zuenetik egindako "kudeaketa negargarria" salatzeko, beharginek makinak gelditu eta greba mugagabeari ekin zioten otsailaren 28an. Daborduko 25 langileren kaleratzeak exekutatu ditu enpresak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun