Irizar Taldeko zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztu zuen joan den otsailean Alconzak Berangon duen lantegirako, eta horrek langile-taldearen % 40a kaleratzea ekarriko luke, hau da, 38 pertsona. Horren aurrean, eta enpresak lantegi berangoztarra 2013an erosi zuenetik egindako "kudeaketa negargarria" salatzeko, beharginek makinak gelditu eta greba mugagabeari ekin zioten otsailaren 28an: "Borroka da dugun aukera bakarra".
Ordutik, 57 egun egin dituzte borrokan, eta, tartean, aurreikusitako kaleratzeetatik 25 exekutatu ditu jada enpresak. Horren aurrean, grebalariek iragarri zuten borrokan segituko zutela kanporatutako lagunak berrartu arte. Gaur, apirilak 25, aldiz, Irizar Taldeak Alconza kudeatzeko ezarri zuen Norgestion enpresak lantegi berangoztarra zabaltzea erabaki du, eta, horretarako, greban ez dauden langileak bertaratu direla deitoratu dute grebalariek: "Eskirolak etorri dira".
Ohi bezala, joan den otsailaren 28tik egunez egun fabrikaren atean euren aldarrikapenak ozen entzun daitezen mobilizatutako lagunak zain egon dira, protestan, sarrerak itxita mantendu guran. LAB sindikatuko bozeramaileak jakinarazi duenez, lekura bertaratutako ertzainak gogor oldartu dira protestan zeuden langileen kontra, eta hainbat lagun zauritu ditu: "Anbulantzia etorri behar izan da hainbat pertsona artatzeko".
Azkenean, fabrikaren sarreran egindako langile-harresia desegin du Ertzaintzak, eta, horri esker, fabrika martxan jartzea lortu dute.
Bihar ere, egoera errepika daitekeelakoan, Alconzako grebalariek protesta egiteko deia luzatu diote herriari, eta goizeko 07:00etan jarri dute hitzordua, lantegiaren sarreran.
Hoy después de 57 dias de huelga NORGESTION empresa que a puesto IRIZAR para gestionar ALCONZA, a decidido entrar a trabajar, con su séquito de eskiroles para retomar la producción.Los “los defendores del pueblo” estaban avisados y han acudido en gran número. pic.twitter.com/QO7j1ylvTS
— Alconza (@Alconza8) April 25, 2022