EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du Silviaren kasuaren epaia, sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarriz inplikatutako ertzainari

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 18a, 11:41
Silviaren aldeko protestak 2023an, artxiboko irudia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiaren epaia: sei hilabeteko espetxe-zigorra eta 900 euro inguruko isuna ezarri diote ertzain bati 2023ko azaroan, Getxoko ertzain-etxeko ziegetan atxilotuta zegoen Silvia izeneko emakume bat fisikoki jazartzeagatik, 2018an. Halaber, epai horren arabera, Silviak 300 euroko isuna ordaindu beharko du agintaritzaren agenteekiko desobedientzia-delitu baten egile gisa. Modu horretan, bi aldeen deuseztasun-eskaerak ezeztatu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak.

Azken epaiketan, bi aldeek hurrengoak eskatu zituzten: Eusko Jaurlaritzako abokatuak, ertzainen ordezkari gisa, epaiketa baliogabetzeko eta agentea absolbitzeko eskatu zuen bideo bat "desagertu" zelako; Silviaren abokatua den Agatha Libano Alonsok Silvia absolbitzeko eta agentea kondenatzeko eskatu zuen. Azkenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiaren epaia, bi aldeen deuseztasun-eskaerak ezeztatuz.

Libanok adierazi du epai "gazi-gozoa" dela, agerian uzten dituelako justizia-sistemako desberdintasunak eta desafioak: "Zigorgabetasunaren eta botere-abusuaren errealitate gordina agerian uzten du; bestetik, azpimarratzen du erresilientziaren eta egiaren eta justiziaren bilaketarako konpromisoaren garrantzia delitu mota hauetan".

Halaber, nabarmendu du 5 urtetik gorako borroka nekaezinean aritu dela Silviagaz batera eta ikusi du nola babestu behar zuen sistemak "bidegabeki" zigortu duen. "Epai honek, nire ikuspegitik, ezagutzen ez nuen justiziaren alderdi bat ikustarazi dit, imajina daitekeena gainditzen duten zigorgabetasun-mailek eta botere-abusuek markatzen dutena, bereziki polizia-agenteen defentsan". Halere, berriro ere errekurrituko dutela baieztatu du, nahiz eta egoera zaila den, Silvia baliabide-ekonomikorik gabe dago eta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun