Gaur ere mobilizatuko dira 2018an Ertzaintzak polizia-etxean jipoitu zuen emakumearen alde

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 3a, 14:18
Silviaren alde iraileko osoko bilkuraren aurretik egindako protesta, udaletxearen atarian.

Getxoko hainbat eragilek eta SOS Arrazakeriak kanpaina bat abiatu dute Silvia izeneko getxoztarrak 2018ko maiatzean jasan zuen "polizia-indarkeria" salatzeko. Azaldu dutenez, emakumearen kontrako epaiketa urriaren 4an hasiko da, eta zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu dute bere aurka, "Ertzaintzaren polizia-etxean bertan eraso egin zioten arren". Horren aurrean, hainbat kolektibok askotariko ekintzak eta deialdi iragarri dituzte, Silvia absolbitzea eskatzeko eta polizia-ekintza arrazistak amaitzea eskatzeko. Emakumeari elkartasuna adierazteko, beste mobilizazio bat egingo dute herritarrek gaur, martitzenean, Itzubaltzeta/Romon. Deialdia 19:00etarako egin dute, Santa Eugenia plazan.

Getxoko EH Bilduk azaldu duenez, Silvia modu irregularrean atxilotu zuten 2018an, supermerkatu baten atean, etxerik gabeko pertsona baten defentsan atera zenean, "polizia jazartzen ari zitzaiolako". Ondoren, ertzain-etxean bertan, tortura polizialaren biktima izan zela salatu du koalizio abertzaleak, "zaintzen zuten agenteetako batek bortizki eraso egin baitzion". Koaliziokoek gogoratu dutenez, erasoa gaur egun publikoa den bideo batean ikus daiteke, "baina, hala ere, polizia-atestatu bat aurkeztu zen, osatu gabe eta lerratuta, polizia-etxeak berak egina".

Kolektiboek deitoratu dute erasoa egin zuten agenteek atestatu faltsu bat eta biktimaren salaketaren kontrako adierazpen bat aurkeztu zutela, "gertakariak desitxuratuz eta biktimak zirenaren itxurak eginez". Azaldu dute bideo-proben aurrean poliziek atzera egin behar izan dutela euren kontakizunean; "izen ere, auto judizialaren arabera, poliziaren jarduera neurrigabea da, eta agentearen gehiegikeria bat adierazten du".

Hala ere, gogoratu dute Eusko Jaurlaritza auzian pertsonatu zela eta, gaur egun, zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen duela Silviarentzat, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. "Are abusuzkoagoa den kapitulu batean, justiziak ukatu egin dio Istanbulgo Protokoloaren txosten bat froga gisa aurkezteko aukera, tortura-irizpenarekin auzitegi-medikuek egina. Istanbulgo Protokoloa nazioarteko eskuliburu bat da, eta nahitaez aplikatu behar da tratu txarrak eta tortura ikertzeko eta dokumentatzeko", azpimarratu dute EH Bilduko kideek.

Ebidentziak gorabehera, koalizio abertzaleak deitoratu du Eusko Jaurlaritzaren jazarpen gisa interpreta daitekeela Silviaren aurkako "neurrigabeko" akusazioa, "poliziaren torturak salatzeagatik zigor gisa". Era berean, barne-ikerketen erregistrorik ez egotea kezkagarria dela mahai-gaineratu du.

Mobilizazioak absoluzioa eskatzeko

Horren guztiaren aurrean, eta epaiketa urriaren 4an eta 5ean egingo dela kontuan hartuta, Getxoko hainbat taldek –Algortako Bilgune Feminista, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Haziak, Mujeres con Voz, Ongi Etorri Errefuxiatuak– bat egin dute Bizkaiko SOS Arrazakeria erakundeagaz, kasua salatzeko kanpaina bat egiteko eta auzokideari elkartasuna adierazteko. Hala, urriaren 3an manifestazioa egingo dute gaur Itzubaltzeta/Romon, 19:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Halaber, epaiketa izango den egunetan, elkarretaratzeak egingo dituzte 09:45ean, Bilboko epaitegien aurrean.

Gainera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bateratua aurkeztu eta onartu zuten iraileko osoko bilkuran. Bertan, kasua salatu eta auzipetuari elkartasuna adierazteaz gain, Getxo torturaren eta polizia-jarduera arrazisten aurkako udalerri gisa deklaratzea proposatu zuten talde ezkertiarrek. Egun horretan ere elkarretaratzea egingo zuten udaletxearen atarian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun