Zer gertatu zen 2018an?
Silvia –kolpatutako migratutako emakumea– Algortako Sarrikobaso kaleko supermerkatu batera joan zen bere orduko bikotekideagaz, eta bera kanpoan geratu zen orkatila bihurritua zuelako. Bertan, Ertzaintzako agente batzuk gaizki tratatzen ari ziren diru eske ari zen pertsona bat, eta, orduan, Silviak defendatu egin zuen. Honek adierazi zuen "joan zaitez zure herrialde zikinera" bezalako irainak jaso zituela ertzainen partetik eta, gainera, supermerkatuko kameretan ikus zitekeen bezala, hainbat bultzada jaso zituela. Horren ondorioz, gainera, Silvia atxilotu zuten, eta ziegetan hasi zen arazoa.
Agente biak Silvia miatzen hasi ziren, eta goitik behera biluzik utzi zuten, guztiz debekatuta dagoena. Emakumea, deseroso, protokoloa normala zela pentsatu zuen, baina, miaketaren ondoren, bere eskubideak zeintzuk ziren esateko eskatu zuen, baita zergatik atxilotu zuten azaltzeko ere. Une hartan, Silviak 500 euro zeramatzan diru-zorroan, bere herrialdera bidaltzeko. Hartara, oso garrantzitsua zen berarentzako kartera berreskuratzea, eta hori hartzeko saiakera egin zuenean, agente batek zakarki heldu zuen. Jarraian, lehen ukabilkada eman zion ertzainak, hortzak mugitzen utzi zizkiona; bigarren bat ere eman zion, eta hirugarren bat ere. Hala ere, azken horren ondoren, emakumea bere burua defendatzen saiatu zen, eta agentea atzamarkatu zuen. Horren aurrean, bigarren agenteak Silvia plakatu zuen, eta lehenengoak aprobetxatu zuen beste ukabilkada bat emateko. Guztira, bost kolpe eman zizkioten atxilotutakoari. Hori dena irudietan ikus daiteke, baina ez zekiten grabazioak eskatuko genituenik. Hala, iritsi zaigun atestatua guztiz kontraesankorra da, eta ez du zerikusirik bideoan ikus daitekeenagaz.
Zer gertaera ez dator bat atestatuagaz?
Silvia ziega ilun batera bota zuten bitartean, inplikatutako bi agenteek eta geroago batu zen beste batek argazkiak atera zizkioten elkarri atestatua egiteko. Horretan diote ertzain batek belauna okertu zuela Silviaren erasoaren ondorioz, eta akusazio partikular gisa aurkeztu zuten. Gainera, esan zuten Silviak beste agenteari hozka egin ziola, eta errealitatea da marka horiek zituela hari eman zion ukabilkadaren ondorioz. Gainera, bideoan argi ikusten zen ukabilkadak ematen zituen agenteak betaurrekoak lurrera bota zituela; berak horiek ere erreklamatu zituen atestatuan, Silviak hautsi zituela esanez. Agente bakoitzaren lesioen partea aurkeztu zuten erreklamatzeko, eta atestatu bat egin zuten, berez, salaketa bat zena; ez zuten Silviaren ikuspegitik landu. Hala, beti eman izan zaionez egiazkotasun-presuntzio osoa agenteek esaten dutenari, bazekiten atestatu horregaz Silviak kondena osoa izango zuela.
Atestatuan jasotako gertaerak koherenteak ez zirela ohartzean, ikerketa bat hasi zenuen, ezta?
Bai, niri ez zegokidan ikerketa bat hasi nuen. Epaitegira polizia-atestatu bat iristen denean, horrek zorrotza, zehatza eta osoa izan behar du. Getxoko ertzain-etxeko ziegaren irudiak aurkeztu behar zituzten, baita Silviaren irudiak ere. Horregatik, supermerkatuko eta ziegako kameren irudiak bilatu eta lortu nituen. Agenteek ez zekiten irudiak genituenik. Epaitegian aurkeztu ziren, eta atestatua berretsi eta erreklamatu egin zuten. Ondoren, irudiak bistaratu ziren eta, ostean, pentsatu nuen daborduko irabazi genuela. Baina ez. Agenteak errealitatea desitxuratzen saiatu ziren.
"Jarrera edo adierazpen arrazistak erakunde publikoetatik datozenean, inpaktua ikaragarria da, botere-harremana agerikoa delako. Nora jotzen duzu zaindu eta babestu behar zaituen pertsonarengandik datorrenean indarkeria?"
SOS Arrazakeria
Nolakoa izan zen atestatua jasotzea eta Silvia ezagutzea?
Atestatua irakurri nuenean, emakume bortitz, handi eta indartsu bat aurkituko nuela pentsatu nuen. Izan ere, dokumentuan "errespetugabe", "oldarkor" edo "desafiatzaile" gisa deskribatzen dute Silvia. Ziegetara jaistean, izututa zegoen eta aurpegian lesioak zituen emakume bat aurkitu nuen. Ezpainak eta begia erabat puztuta zituen. Esan zidan lehenengo gauza izan zen jo egin zutela, baina ez zuen nire laguntza onartu nahi izan, ez zelako nitaz fidatzen. Zituen lesioak auzitegiko mediku batek erregistratzea nahi zuen soilik; izan ere, ez zen fidatu Urdulizko ospitaleko medikuaz ere: eskuburdinez eraman zuten, eraso egin zioten agenteakaz batera. Behin eta berriz saiatu ostean, bere konfiantza irabazi nuen eta auzitegiko mediku batengana eraman nuen, baina orri soil bateko txostena egin zuen. Gertatu zitzaionaren argazki bakar bat ere ez ateratzearen falta sumatu nuen. Gainera, esan zidan eman zioten ukabilaren ondorioz hortzak mugitzen zitzaizkiola, eta txostenean ez zuten hori jaso. Horregatik, gomendatu nion berak bere buruari argazki batzuk ateratzeko eta niri bidaltzeko. Halaber, ospitale batean miaketa bat egiteko esan nion. Psikologikoki suntsituta zegoen emakume bat zen, ezin zion negar egiteari utzi. Urdulizko ospitaleko txosten berriak informazio hori guztia jasotzen du.
Urte hauetan, nolakoa izan da kasuaren bilakaera?
Silviak hertsapena eta jazarpena jaso ditu 2018tik hona. Horregatik, leku askotara jo dut: Espainiako Auzitegi Nazionalera, Konstituzio Auzitegira, Espainiako Estatuko Herri Defendatzailera, Euskal Herriko Herri Defendatzailea den Arartekora... SOS Arrazakeria elkartera ere joan nintzen, eta bertan asko lagundu zidaten. Silviari zazpi urteko espetxealdia eskatu zion Eusko Jaurlaritzak, eta hiru urte eta erdi Fiskaltzak. Asko lan egin dugu egia azaleratzeko, eta 2023an sententzia atera zen. Laburbilduz, sei hilabeteko espetxe-zigorra eta Silviari kalte-ordaina emateko kondena ezarri zitzaion ertzainari tortura-delitu modalitate arinenagatik: osotasun moralaren aurkako delitua, alegia. Silviari, aldiz, 300 euroko isuna ezarri zioten, eta, ordaintzen ez badu, espetxe-zigorra.
Orain, Eusko Jaurlaritzako abokatuak, ertzainen ordezkari gisa, epaiketa baliogabetzeko eta agentea absolbitzeko eskatu du bideo bat "desagertu" delako. Nik, berriz, Silvia absolbitzeko eta agentea kondenatzeko eskatu dut. Halaber, lehen egunetik azpimarratu nituen delituak ikertu ez izana ere salatu dut, hala nola ezkutatzea, atestatua faltsutzea eta salaketa faltsua egitea. Gainera, zigorrik ez jasotzeko ertzainek egindako jarduna salatu dut, baita biktimari eragindako egoera ere, prozedura hainbat urtetan luzatzen duten beste prozesu judizial batzuk onartzen saiatu direlako momentu oro.
Zein da "desagertu" den bideoa?
Epaitegiko ahozko ikustaldikoa da. Bertan, auzitegiko medikuak eta psikiatrak egindako Silviaren lesioen eta egoeraren adierazpenak erregistratu zituzten. Benetan kezkagarria da defentsaren eta akusazioaren argudioak erakusteko giltzarriak diren grabaketak desagertzea «akats tekniko hautemanezin» baten ondorioz. Harrigarria bada ere, ez da desagerpena ikertu. Bereziki susmagarria da hori gertatzea ertzainaren kondenarako erabakigarriak izan daitezkeen testigantzak direlako. Badirudi botere-abusua izan daitekeela, bereziki «akats» horrek zuzenean alde akusatuari mesede egiten dionean eta biktima berbiktimizatzen duenean.
Hala ere, nola zen posible ziegako irudiak ikusi arren Silviari hasieratik arrazoia eman ez izana?
Silviaren kasua akats esanguratsuek markatu dute hasieratik, Fiskaltzaren ekintza eztabaidagarri batzuk barne. Nahiz eta ebidentzia sendoak aurkeztu, hala nola bideoak eta Silvia torturatu egin zutela ondorioztatu zuen Istanbulgo txostena, epaitegian legezko oztopoak aurkitu nituen eta akusazioak mugatu zizkidaten.
Silviaren kasua bidegabekeriaren eta zigorgabetasunaren adibide garbia da. Zati bat soilik ikertzen utzi didate eta jazotakoaren ikuspuntu bat soilik erakusten ahalegindu dira, nahiz eta denok dakigun benetan zer gertatu den, froga gisa ditugun irudiei esker. Absurdoena zen Silviari eman zizkioten bi ukabilkadengatik baizik ez zidatela akusatzen uzten, benetan bost izan zirenean. Hori ebazpen judizial batean izandako akats baten ondorio da; izan ere, harrigarria bada ere, kolpe kopurua eta poliziaren jarduera oker kontatu ziren. Ebazpena oinarritu zen Ertzaintzako agenteak bere deklarazioan adierazitakoan eta, bere esanetan, bi ukabilkada eman behar izan zizkion Silviari bere kidearen osotasuna arriskuan ikusi zuelako. Errealitatearen zati bat bakarrik islatzea deigarria da, errealitate bat, erdizka, gezurra delako. Gainera, kasu honek erakusten du sistema judizialaren bidez ere polizia-agenteen zigorgabetasuna babesten saiatzen direla, pertsonen osotasun morala tartean dagoenean.
"Silviaren kasuak erakusten du arrazismoaren gaiztakeria, deshumanizazioa eta berbiktimizazioa. Era berean, opresio-modu desberdinek gizarte honetan nola jarduten duten ikus dezakegu, hala nola jatorriak, klase sozialak eta generoak"
SOS Arrazakeria
Kasu honetan inplikatutako agenteek lanean jarraitzen dute gaur egun?
Bai. Ez zaie inolako ikerketarik ireki Silviak salatutako pertsonei eta ez dute inolako zigorrik izan, ez administratiborik ez judizialik. Azken hori da, hain zuzen, errekurritzen ari naizena. Hemen gertatu dena izan da pertsona kalteberenaren aurkako ankerkeria. Gertaeren egia materiala baino ez dugu nahi. Egia irudietan dago. Zergatik ez didate uzten horiek erakusten? Hala, deigarriena da Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoa iritsi zaidala agentearen deuseztagarritasuna eta epaiketaren errepikapena eskatuz; Eusko Jaurlaritzak biktima babestu beharko luke.
Nolakoa izaten ari da zuretzako kasu hau eramatea?
Ohorea eta erronka izan da Silvia prozesu honetan laguntzea. Bere hauskortasunean, guztion eskubideen aldeko borrokalari nekaezina dela erakutsi du Silviak, zigor eta isun guztiei aurre eginez. Miresgarria da justizia egiteko hasieratik erakutsi duen adorea, eta herritarren ausardiaren adibidea da. Hala ere, bidea nekagarria izan da, eta erakundeekiko etsipena sakona eta frustragarria; izan ere, balio demokratikoak aldarrikatzen dituzten bitartean, egoera hauek ahalbidetzen jarraitzen dituzte.