Zapatuan, hilaren 9an, tokiko eta inguruko hainbat emakume palista arituko dira Berangoko frontoian, II. Emakume Palisten Txapelketan. 09:00etatik aurrera, torneo amerikanoa, kiniela eta Paleta Goma Txapelketa Nagusia egingo dute; 14:30ean, aldiz, Berangoko lehen emakume kirolariei omenaldia egingo diete, Zutik Emakume Palistak taldeak antolatuta.
Hirubi Triatloi Sopelak antolatzen du XVI. Sopelako Esprinta Duatloia, Euskal Duatloi Zirkuiturako proba puntuagarria, eta Sopelako II. Duatloi Egokitua, betiere Udalaren eta Euskadiko Triatloi Federazioaren laguntzagaz. Hala, martxoaren 9an egingo dituzte lasterketak. Probarako izen-emateak zabalik daude daborduko, hemen.
Getxoko Eskuz Esku abesbatza eta Berangoko Emakumearen Elkartea elkarlanean, Con nombre de mujer izeneko ikuskizuna taularatuko dute zapatuan, hilaren 9an, Berango Antzokian. Sorpresaz beteriko lana izango da hori, musika eta dantza uztartzen dituen performance gisa. Saioa 19:00etan hasiko da.
Otsailetik apirilera 10 sesio egingo dituzte antsietatea kudeatzen ikasteko Urdulizko Kultur Etxean, martitzenero, 16:45etik 19:45era. Antsietatea edo depresioa jasaten duten emakumeei zuzenduta dago, baita zeharka egoera hori bizi duten senitartekoei ere. Hala, izen-ematea otsailaren 5era arte eman daiteke prebentzioa@uribekosta.eus helbidean edota 688 699 454 eta 946 859 611 zenbakietan. Helburua da emakumeen bizitzan ondo sentiarazten dituzten faktoreak eraikitzen laguntzea, hala nola autonomia osasun mentalaren kudeaketan eta autozaintza eta ahalduntzea sustatzea psikofarmakoen erabileraren ordez.
Bizkaiko golkoan hondoratuta dauden hainbat itsasontziri urpekariek ateratako argazkien bilduma ikusgarria.