Barrika ere frackingaren kontra

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 22a, 16:00

Presio hidraulikoaz baliatuz lurzoruko arrokak hautsiz gas naturala ateratzeko “fracking” izenagaz ezaguna den teknikaren kontra agertu da Barrikako Udala.

Abenduaren 18an egindako osoko bilkuran Barrika “fracking gabeko udalerri” izendatu zuten EH Bilduk jarritako mozioa onartuz. EAJren hiru zinegotziak horren kontra agertu arren, Udalbatzako beste zinegotzi guztiek testuaren alde bozkatu zuten.

Mozioak Bizkaiko kostaldeko 47.940 hektareetan zehar frackingaren bidez gasa ustiatzeko martxan dagoen Geminis proiektua ahalik eta gehien atzeratzea, Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari ohiko Ingurumen-Inpaktu txostena egin dezala eskatzea, herritarrei haustura hidraulikoak udalerrian sor ditzakeen efektuez informatzea, udalerriko HAPOan frackinga bateraezina dela zehaztea eta frackingaren kontra agertu diren inguruko herriakaz koordinatzea eskatzen du; bada, Plentzia, Gorliz eta Sopelako udalak praktika horren kontra agertu dira, eta Getxon zein Sopelan frackingaren kontrako taldeak martxan dira.

Espainiako Industria Ministerioak Bartzelonan erregistratutako Frontera Energy Corporation SL nazioarteko enpresari eman zion 2011n Geminis proiektua gauzatzeko baimena. Aipatu proiektuak 47.940 hektarea hartzen ditu, itsasoan eta lurrean, barnean ia Uribe Kosta eskualde osoa dagoela. Eremu horretan, lur azpiko biltegietan egon beharrean harriei itsatsita dagoen gasa ustiatzeko sistema hau bideragarria eta errentagarria den ikertzen hasi dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun