HIRUKAri buruz

2015eko urtarrilean hasi zen argitaratzen HIRUKA, papereko edizioa eta digitala uztartzen dituen Uribe Kostako komunikazio-proiektu euskaldun eta euskaltzalea. Ez zen ezerezetik sortu ordea, aurreko beste proiektu biren oinordeko zuzena da eta: UK aldizkaria eta ukberri.net agerkari digitala.

HIRUKAk hamar udalerriko eremua hartzen du: Barrika, Berango, Erandio, Getxo, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz. Horietako informazio orokorra ematen du egunero www.hiruka.eus webgunearen bidez, eta hilean behin 40 edo 48 orrialdeko aldizkaria plazaratzen du. Horren 5.000 ale banatzen dira doan eskualde osoko gune publiko, taberna, denda eta bestelako espazioetan. Horrez gain, HIRUKAk sare sozial nagusietan ere badu presentzia, eta kanal horien bidez eskualdeko informazioa, aktualitatea eta komunitateko edukia modu gertuko, dinamiko eta berehalakoan zabaltzen ditu.

HIRUKA eskualdeko euskararen normalizazioarekin eta komunitatearen kohesioarekin konprometitutako komunikazio-proiektua da. Gizarte-ekimeneko kooperatiba gisa, Uribe Kostako herritarren egunerokoari gertutik erreparatzen diogu, tokiko informazioa euskaraz eskaintzeko eta eskualdeko errealitatea bertatik eta bertakoen ahotsetik kontatzeko. Tokiko kazetaritza hurbila, independentea eta komunitarioa lantzen dugu, sinesgarritasuna, gardentasuna eta lankidetza oinarri hartuta.

 

Euskara ardatz

Euskara eta euskaltzaletasuna dira HIRUKAren jardunaren oinarriak. Uribe Kostan euskararen ezagutza eta erabilera askotarikoak diren arren, euskaraz informatzeko eta komunikatzeko espazio erreferentea eskaini nahi dugu, eguneroko informazioa osorik euskaraz emanez. Gaur egun, eskualdean euskara hutsean jarduten duen komunikabide integral bakarra gara. Edukien bidez, euskararen erabilera sustatu eta euskaraz bizitzeko eta komunikatzeko aukerak indartu nahi ditugu.

 

Komunitatea oinarrian

HIRUKA komunitatearen behar bati erantzuteko sortu zen: Uribe Kosta euskaraz kontatzeko eta eskualdeko herritarren arteko loturak sendotzeko beharrari, hain zuzen ere. Horregatik, pertsonen, elkarteen, kolektiboen eta erakundeen ahotsak jasotzen saiatzen gara, haien ekimenak, kezkak eta lorpenak ikusgarri eginez. Informazioa emateaz gain, komunitatea saretzeko eta eskualdeko bizitza soziala, kulturala eta ekonomikoa indartzeko tresna ere izan nahi dugu.

 

Ingurumen-jasangarritasunarekiko konpromisoa

HIRUKAn ingurumen-jasangarritasunarekin konprometituta gaude, eta hori gure eguneroko jardunean txertatzen dugu. Irtenbide jasangarriak eskaintzen dizkiguten gertuko hornitzaileak aukeratzen ditugu, hala nola tinta ekologikoak eta paper birziklatua. Gainera, gure banaketa-bideak optimizatzen ditugu, ahal den neurrian ibilgailuen erabilera murriztuz eta gertuko banaketa-sistemak lehenetsiz.
Gure dibulgazio-lanaren baitan, webgunearen eta hilabetekariaren bidez ingurumenarekin, haren ezagutzarekin eta babesarekin lotutako edukiak zabaltzen ditugu, tokiko ekimenak ikusgarri eginez eta arlo horretako adituen ekarpenak jasoz.

Era berean, etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten dugu: gure jardueraren eta ingurumen-inpaktuaren diagnostikoa egin dugu, eta datozen urteetan eredu jasangarriago baterantz urratsak egiteko hainbat ekintza definitu ditugu. Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako Enpresa Berdea aitortza jaso du HIRUKAk, trantsizio ekologikoarekiko dugun konpromisoa eta jardunbide jasangarriak garatzeko egindako lana aitortuz. Horrez gain, sortzen dugun karbono-aztarnaren kalkulua egin eta dagokion erregistro-prozesuan parte hartzen ari gara, emisioak neurtu, kontrolatu eta datozen urteetan murrizteko helburuarekin. Zehazki, 2028rako karbono-aztarna %4 murrizteko helburua ezarri dugu, eguneroko jardunean neurri jasangarriak txertatuz.

 

Berdintasuna eta parekidetasuna

HIRUKArentzat garrantzitsua da sexuen arteko parekidetasuna sustatzea, bai edukietan bai barne-antolaketan. Gure hedabideetan emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna lantzen ditugu, eta erabaki-organoetan parekidetasuna bermatzeko lanean ari gara.

2025etik, HIRUKAk Berdintasun Plana erregistratuta du lau urterako. Plan hori taldearen barruan egindako diagnostikoaren ondoren diseinatu eta adostu da, genero-berdintasuna sustatzeko, lan-dinamikak hobetzeko eta etorkizunerako neurri eta jarraipen egonkorrak garatzeko helburuarekin.