Berebiziko garrantzia daukan egitasmoa izanik Barrikako HAPOren gainera gehiago espero zuen EH Bilduk, baina azpimarratu duenez, “gauza positiboak negatiboak baino askoz gehiago dira”. Gainera, horren lanketan egondako parte-hartzea nabarmendu dute ezkertiarrek: hasieratik HAPOren Aholkularitza Batzordea egon da martxan. Bertan “herriko elkarte guztiak” batu dira (emakumeena, auzo-elkarteak, ekologistak, kirol-elkarteak, eta abar). Aurreratze-txostena, hasierakoa, herritarren aurrean aurkeztu zen bilera irekian. Herritarron gomendiak jasotzeko epea ere zabaldu zen. Hori gutxi balitz bezala, genero-kuspuntutik HAPO lantzeko lau tailer ireki antolatu ziren, Hiria kolektiboaren zuzendaritzapean.
IBarrika alderdi independentea, ostera, ez dago ados, “alde batetik barrikoztarren iritzia ez dutelako kontuan hartu, eta, beste alde batetik, Udalbatza, batez ere, batzuen interesak kontuan hartu dituztelako”.